Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
Surfa

J-Bay 2016: Mick Fanning nagusi berriz ere

Aurten ere Mick Fanning izan da protagonista J-Bayn. Iaz, marrazo batek eraso egin eta finala bertan behera geratu ostean, Hegoafrikan garaipena eskuratzeko gogoz geratu zen australiarrak aurtengoan lortu du txapela.

Iaz finalean marrazo batek erasotako lehiakide berberak irabazi du aurten J-Bayn txapelketa, sasoi eta urautsi berean. Gainera, finalerdietan Julian Wilson izan zuen aurkari Fanningek, alegia iazko finalean izan zuen aurkari berbera. Garaipen honekin arantza atera ahal izan du Fanningek.

Itsasoa makal

Aurtengoan itsasoak ez du asko lagundu. Haize leuna eta olatu politak izan dira txapelketak iraun duen artean, baina olatu txikiegiak. J-Bay munduko eskuin olatu luze eta hoberenetako bat da dudarik gabe, edozein motatako ariketak egiteko aukera eskaintzen duena, baina munduko lehiakide hoberenak bertan direnean ikusleek J-Bay indartsu bat ikusi nahi dute, alegia surflari arruntentzat zailak diren baldintzetan ikusi nahi dituzte surflari famatuak eta horretarako gutxienez bi edo hiru metroko olatuak izan behar dira eta aurtengoan olatuek ez dute metro bateko altuera gainditu.

Halako baldintzekin brasildarrak gailenduko zirela pentsa zitekeen, olatu txikiekin ongien moldatzen diren lehiakideak baitira; baina ez zen horrela izan, lehiakide beteranoek olatuaren ezagutzak eta aukeraketak halako kasuetan zer-nolako pisua duten erakutsi zuten.

Australiarrak nagusi

Finalerdietan hiru australiar eta hawaiiar bat izan ziren. Bi belaunaldi desberdinen arteko talka ere bazen. Josh Kerr eta Mick Fanning Tour mundialean azken itzuliak egiteko adina duten belaunaldikoak dira (30 eta 35 urte), lehiakide beteranoak. Julian Wilson eta John John Florence ostera, gazteagoak dira, 30 urtetik beherakoen taldekoak (27 eta 24 urte).

Lehen txanda, Mick Fanningen eta Julian Wilsonen artekoa, ikusgarria izan zen, biek sekulako maila erakutsi baitzuten, baina ez zen aparteko emoziorik izan, zeren Mick Fanningek olatu batean lortu zuen 9'10 puntuak gailentzeak ia ezinezkoa zirudien.

Bost minututik behin olatu bat etortzen zen, bakarra, eta berau lehentasuna zuenak hartzen zuen; beraz, bi lehiakideak bikain aritu arren itsasoak eskainiko zuen hurrengo olatuaren araberako emaitzak izango ziren. Gauzak horrela, olaturik handi eta emankorrena hartzeko aukera izan zuen lehiakidea Mick Fanning izan zen.

Josh Kerren eta John John Florenceren arteko finalaurrekoa antzekoa izan zen. Lantzean behin etortzen zen olatua lehentasuna zuen lehiakideak hartu eta ahalik eta ongien surfeatzen saiatzen zen. Haitzen gainean amaitzen zuten surflariek, ia lehorrean, baina hala eta guztiz ere azken ariketan arriskatzen saiatzen ziren eta horretan ere maisu dela erakutsi zuen Florencek beste behin ere.

Finalak hasiera ikusgarria izan zuen. Florence olatu azkar batean ariketa desberdinak egiteko gai izan zen, tartean baita aireko bat ere. Hawaiiarra indartsu hasi zen, beraz; baina bere arerioak arintasuna erakutsi zuen. Zer egiten zen baino, nola egiten den ere kontuan hartzen dute epaileek, eta are gehiago ia olatu guztiak oso antzekoak diren urautsietan.

Fanning txapeldun

Florence bikain aritu zen, ariketa ikusgarriak egin zituen, baina epaileek Mick Fanningen arintasuna gehiago puntuatu zuten. “Flow” irizpidea gailendu zen J-Bayn, eta halakoetan surflari aditu guztiak ados egoten dira, ariketak arintasunez egitea baino gauza zailagorik ez dagoela badakitelako.

Fanningek ez zuen espero aurtengo J-Bay txapelketa irabaztea. Orain artean egin diren itzuliko sei txapelketatik bitan ez zuen parte hartu lesio baten ondorioz, beraz aurtengo itzulia lasai hartzekotan dabil. Ez ditu itzuliko txapelketa guztiak egingo, baina iaz marrazoarekin izandako esperientziaren ostean maila pertsonalean zituen zenbait mamu uxatzera joan zen Hegoafrikara eta ezin hobeto atera zitzaion jokaldia.

Honela mintzo zen kameren aurrean Fanning: «Bai, aurtengoan sentipen desberdinak nituen, arraroak, badakizu, oroitzapenak etortzen dira... oso desberdina zen. Eta gero finalerdietan Julianekin egotea, oso berezia izan zen. Tipo bikaina da. Orain txundituta nago, itzuli egin naizela sentitzen dut».

Honi buruzko guztia: Surfa