Juliet Brice eta Titouan Boyer nagusi atzo, Sopelan
Atzo amaitu zen Sopelan Europako Junior txapelketa. Lau egunetan lehian aritu ziren 170 surflari gazte, 49 neska eta 122 mutil. Olatuak ez ziren lagun izan txapelketak iraun zuen artean, are gutxiago azken txandak egiteko orduan, izan ere, atzokoan olatuak oso txikiak eta ahulak izan ziren, baina lehiakideen maila handiari esker ikuskizuna eta giro ederra nagusi izan ziren.
Nesken kasuan, Juliete Brice frantsesa nagusitu zen. Teresa Bonvalot portugaldarra izan zuen aurkari Lacanauko neskatoak. Biak 17 urteko lehiakideak eta biak aritu ziren indartsu, baina itsasoko baldintza eskasek olaturik onena hartzeko zortea zuenari eman behar zioten garaipena, eta horrela, frantsesak olatu hobeak hartu zituen.
Aldea handia atera zion Bricek bere lehiakideari finalean, lau puntu baino gehiago, baina finalera iristeko ez zuen hain bide erraza izan frantsesak; izan ere, finalerdietan sasoi onean den Nadia Erostarberekin egin zuen topo. Zarauztarrak gorriak ikusarazi zizkion Lacanauko surflariari, baina ez zuen finalerako pasea lortu.
Edonola ere, 15 urte baino ez dituen zarauztarra bikain aritu zen eta maila honetako txapelketa batean halako emaitza lortzea lorpen handia da bederen. Oraindik gaztea da Nadia; beraz, izango du astia emaitza hobeak lortzeko zarauztarrak.
Orain artean, atzokoarekin mota honetako bost txapelketa izan dira, eta horietatik hiru atzokoan bigarren postuan geratu zen Teresa Bonvalot portugaldarrak irabazi ditu, eta bestea berriz, Ariane Ochoa bizkaitarrak irabazi zuen Biscarrossen (Landak) pasa den udaberrian.
Mutilen kategorian, Titouan Boyer Antilletako surflaria eta Luis Diaz kanariarra izan ziren buruz buruko finalen. Hauek ere nahikoa lan izan zuten olatuek ozta-ozta ematen zieten bultzada ahulari etekin ateratzen. Azkenean, Boyer gailendu zen. Antilletako surflariak aurtengo itzulian lortu duen bigarren garaipena da atzokoa, izan ere, Biscarrossen ere berak lortu zuen txapela.
Mutilen kategorian ere atzokoarekin bost txapelketa izan dira orain artean eta irabazleen artean euskaldun bat ere aurkitzen da, hain zuzen ere, Lander Davila zarauztarrak pasa den ekain hasieran Pro Junior Espinho txapelketa irabazi baitzuen Portugalen.
Beste bi txapelketak irabazi zituzten lehiakideak Marco Mignot frantsesa eta Thomas Debierre Guadalupe uharteetako surflari gaztea izan ziren. Lehenak Galizian irabazi zuen uztail hasieran eta bigarrenak berriz, Portugalen, martxoan Caparicako hondartzan egin zen Pro Junior txapelketan.
Atzokoan guztira 10.000 dolar banatu zituzten bi kategorietako lehiakideen artean. Junior kategorian sariak berdintsu izaten dira normalean, baina horrez gain azken urteetan Euskal Herriko Federazioak ezartzen duen baldintzetako bat ere bada neskei zein mutilei sari berak eskaintzea.
Mutilen zein nesken kasuan, oraindik beste txapelketa bat falta da, ordea, itzulia osatzeko. Azken lehiaketa azaroan izango da Lanzaroteko uhartean dagoen San Juan izeneko urautsian. Han erabakiko da aurtengo Europako Junior itzulia nork irabazten duen.