Egungo pilotaririk onenak Zuraiden lehiatuko dira
Lau bikote handirekin jokatuko da Zuraideko Xilar Torneoa. Udako garrantzitsuenetakoa da, eta aurten beste behin ere goi mailakoa izango da. Gaur jokatuko dira bi finalerdiak, eta etzi eguerdian jokatuko da finala.
Gaur 19.00etan hasiko da torneoa, eta ordu horretan jokatuko da aurreneko finalerdia. Bertan, Xala eta Harizmendi Waltariren eta Bilbaoren aurka arituko dira finalerako lehen txartela eskuratzeko asmoarekin. Azken bikote hau da irabazteko faborito nagusia.
Xalari uda honetan trinketean probatzeko aukera eman diote, betiere atzelaririk handienetako bat lagun duela, baina orain arte jokatu dituen norgehiagoketan ez du zaleek itxaroten zuten mailarik eman.
Lehen finalerdia amaitu bezain laster jokatuko da bigarrena, eta bertan Etxegarai eta Gixandut Larralderen eta Ducassouren aurka arituko dira. Esan beharrik ere ez dago, azkeneko bikote hau dela garaipena lortzeko faborito nagusia, baita torneo hau irabazteko ere.
Agian hor izan dute antolatzaileek hanka sartze bat, izan ere, askok ez dute ulertu egungo bi pilotaririk onenak elkarrekin jartzea. Larraldek aurrean gainerakoei koska kentzen die, eta atzean Ducassouk ere bai gainerakoei. Ondorioz, euren maila ematen badute oso zaila izango da hauek mendean hartzea.
Finala
Bi bikote irabazleek etzi eguerdian jokatuko dute finala, 11.00etan hasita. Ikusmin handia piztu du torneo honek, eta bi finalerdietan trinketa beteko bada, igandeko finalean Zuraideko trinketeko harmailak gainezka egingo du, sarrerak jadanik agortuta baitaude.