GARA Euskal Herriko egunkaria
Surfa

Billabong Pro Tahiti 2016:Kelly txapeldun eta Florence buru

Mutilen lehen mailako munduko itzulia azken txanpan sartu da. Tahitin Kelly Slater nagusitu zen eta bigarren postuan geratu zenJohn John Florence rankingeko lehen lekuan jarri da. Lau txapelketaren faltan Florence eta Medinaren artean dago lehia nagusia.


Pasa den astean amaitu zen CT itzuliko zazpigarren txapelketa eta lehen maila osatzen duten hamaika txapelketako itzulian aldaketak eman dira ranking orokorrean. Izan ere, aurtengoan oraindik emaitza aipagarririk lortu ez zuen lehiakide batek irabazi zuen txapela: Kelly Slater izan zen nagusi Tahitin.

Billabong Pro Tahiti 2016 ia oharkabean pasa da aurtengoan, izan ere, azken eguna arte ez zen izan kontuan hartzeko itsaski indartsurik. Teahupoo munduko ezker olatu beldurgarrienetako bat da; bertan munduko surflari onenak tuboak egiten ikusi ahal izatea luxu bat da, baina gutxieneko baldintzak behar dira. Eta aurtengoan, olatu politak izan badira ere, ez da aparteko itsaski sendorik izan.

Azken egunean tarteka hiru metroko olatuak etortzen ziren eta horri esker lehiakide batzuek halako olatuetan duten abilezia erakutsi ahal izan zuten. Faboritoak iritsi ziren azken txandetara, eta, sarri gertatzen den moduan, txanda esanguratsuena finalerdietan jokatu zen.

Kelly Slater estatubatuarra eta Adrian Buchan australiarra aurrez aurre izan ziren azken aurreko txandan. Slater faboritoetako bat zen, maiz erakutsi baitu olatu zailenetan tuboak egiteko duen aparteko gaitasuna. Teahupoo urautsi zailenetakoa da.

Slater eskuin surflaria da eta, beraz, bizkarka aritu zen; bere arerioa, berriz, aurpegiz aritu zen tuboak egiten. Buchanek ere maisutasun itzela erakutsi zuen, baina bizkarka aritzen direnek galga egiteko aukera gehiago izaten dute halako olatuetan, eta, ondorioz, tubo luzeagoak egin ditzakete. Besteak beste horri esker lortu zuen Slaterrek finalerako pasea.

Finalerdietako bigarren txandan txapelketa bera zegoen jokoan, baita rankingeko lehen postua eskuratzeko aukera ere. Zinez gogorra izan zen John John Florence hawaiiarraren eta Gabriel Medina brasildarraren arteko lehia. Kasu honetan ere ezker surflari bat eta eskuin surflari bat aritu ziren buruz buru. Medina aurpegiz eta Florence bizkarka.

Txanda gogoangarria izan zen Florence eta Medinaren artekoa. Oso gutxitan lortzen dituzte bi lehiakidek txanda honetan jaso zituzten bezalako puntuazioak. Brasildarrak 19,23 puntu bildu zituen bere bi olatu onenekin (9,23 + 10.00), eta hawaiiarrak, berriz, 19,66 puntu (9,93 + 9,73). Maila ezin hobea izan zen finalerdietako bigarren txandan eta azkenean Florencek lortu zuen finalerako pasea.

Gauzak horrela, final baterako Tahitin izan zitekeen aukeren artean hoberenetakoa suertatu zen. Florence eta Slater aurrez aurre, urautsi honetako bi erregeak txapela lortzeko borroka bizian. Mundu osoko surf zaleen artean ikusmin handia sortu zen eta bi surflariek, beste behin ere, ez zuten huts egin, sekulako ikuskizuna eskaini baitzuten.

Lantzean behin Tehaupooko uharriaren gainean hiru metroko olatu karratuak sortzen ziren eta bi lehiakideek helburu bera zuten: ahalik eta olatu handi eta borobilena hartzea. Hori bakarrik ez, Teahupooko ezker olatuak eskaintzen duen tuboak sekulako zabalera du, baina luzerari dagokionez ibilbidea nahiko laburra da; horregatik saiatzen dira lehiakideak olatua ahalik eta urrunen hartu eta tuboan ahalik eta denborarik gehien irauten.

Bi surflariek asko arriskatu zuten. Olatua ohi baino ezkerralderago hartzen zuten tubo luzeak egiteko, baina horrela tuboaren irteerara ez iristeko arriskua ere asko handitzen da, eta, hain zuzen ere, horixe gertatu zitzaion John John Florence gazteari.

Lehiakideetako batek uhina hartzen zuenean olatuaren magalak bi metroko altuera izaten zuen, gero olatua kolpean handitzen zen, bat-batean, eta sekzio luze bat jasotzen zen, iragateko benetan zaila. Sekzio hori iragateko gai diren surflariak esku bateko hatzekin konta daitezke eta horietako bi uretan zeuden. Biek egin zituzten itzelezko tuboak, baina Florencek bere tuborik onenean ez zuen irtetea lortu eta akatsik txikiena ere egin ez zuen bere arerioaren esku geratu zen txapela.

Slaterrek 9,90 eta 9,77 puntuko bi olatu egin zituen, Florencek, berriz, 8,00 eta 7,23 puntukoak. Hortaz, aspaldiko partez Slaterrek irabazi zuen 19,67 punturekin. Floridakoak irabazi zuen mundu mailako azken txapelketa 2013an izan zen, Pipelinen. Tahitin lortutako garaipenarekin 55 lortu ditu jada bere ibilbide ikusgarrian.

Honela mintzatu zen 44 urteko lehiakide beteranoa finalaren ostean: «Atzera begira, ziur aski inoiz izan dudan txanda gogoangarrienetakoa izan da. Ez da inongo sekretua nire karrerako azken txanpan nagoela eta John John finalean aurkari izatea niretzat ametsa izan da».

Tahitiko txapelketaren ostean aldaketak izan dira CT rankingean. Matt Wilkinsonek lehen postua galdu eta bigarren postura pasa da. Haren lekua Florencek hartu du eta Gabriel Medina hirugarren postuan da.

Sekulako gorakada jo duten lehiakideen artean Adrian Buchan eta Kelly Slater daude. Lehenak zazpi postu gora egin eta laugarren da egun. Slaterrek hamaika postu igo ditu eta zortzigarren postuan aurkitzen da.

Esan beharra dago lehen hiru postuetan dauden lehiakideen eta gainontzeko surflarien artean alde handia dagoela. Hirugarren postuan dagoen Medinak 35.700 puntu ditu eta bere atzetik laugarren postuan den Adrian Buchanek, ostera, 26.200 puntu. Kontuan izan behar da txapelketa bat irabazten duen lehiakideak 10.000 puntu irabazten dituela

Orain lau txapelketa baino ez dira falta aurtengo CT itzulia amaitzeko. Hurrengo txapelketa Kalifornian izango da, Trestleseko urautsian, irailaren 7tik 18ra bitartean.

Honi buruzko guztia: Surfa