2016 URR. 08 Emakumezkoak Aukera polita dute Gernikak eta Araskik hirugarren jardunaldian GARA Emakumezkoen saskibaloi liga nagusiak bere hirugarren jardunaldia beteko du asteburu honetan, eta hiru euskal taldeek gaur jokatuko dituzte beren partidak. Oraingoz hirurak neurketa bana irabazi eta galduta daude sailkapenean, baina Gernika eta Araski dira beste garaipen bat lortzeko aukera onena duten bi taldeak. Gernikarrek 19.00etan jokatuko dute Gran Canariaren kantxan. Irletako taldea oraindik partidarik irabazi gabe dago, eta bizkaitarrek duten talde ona kontuan izanda faboritotzat hartu behar dira Mario Lopezen neskak. Araskiri dagokionez, Mendizorrotzan jokatuko dute 18.30ean hasita Campus Prometeren kontra, hauek ere oraingoz garaipenik lortu gabe daudenak. Hala ere, gasteiztarrek hutsune asko dituzte eta ez da neurketa erraza izango. Azkenik, IDK Gipuzkoak oso dema zaila dauka 18.00etan Salamancan Perfumerias Avenida indartsuaren kontra. Superkopan, berriki, 93-80 galdu zuten leku berean.