2016 URR. 17 ANDINISMOA Cerro Torre eta Fitz Royn ezin izan du; Cerro Pollonen, bai, ordea Markus Pucher austriarrak Patagoniako erpineko neguko lehen igoera bakarka eskalatzea lortu du. Patagoniako neguko denboraldian atzean geratu ez den beste protagonista bat Markus Pucher izan da. Leclercek ez bezala, austriarrak ez du bere xede nagusian hainbeste zorterik izan. Cerro Torre neguan eta bakarka igo nahi zuen; hots, estilo horretan lehen igoera sinatzeko motibatuta zegoen. Baina, oso gutxigatik bada ere, Cerro Torreren “zirkulua” ixteko ez zuen aukerarik izan. Iaz saiatu zen, baina gailurretik oso urrun (300 metrora) erretiratu zen. Pasa den irailean bigarren ekinaldia egin zuen, eta oso gutxigatik bada ere, soilik 40 metrogatik, ez zuen gailurra zapaldu. Pucherrek onartu du helburua gertu izan zuela: «Elur perretxikora heldu eta antzigar asko zeukala ikusi nuen. Ez zegoen baldintza egokietan eta jaitsi egin nintzen». Cerro Torre ondo baino hobeto ezagutzen du; izan ere, bakarka integralean bitan igo du. Hori bai, Patagoniako udaran. Bigarren saio horretarako, austriarrak mendebaldeko aurpegiko “Ragni” bidea aukeratu zuen. Irailaren 3an lehen urratsak egin zituen. Eskalada ia osoa erritmo onean eta arazorik gabe egin zuen. Baina, aurreratu dugun bezala, tontorretik 40 metro zegoela atzera egin zuen: «Azken luze horretan elur zein antzigar asko zegoen. Kristoren lana eta borroka egin nuen, baina ezinezkoa zen. Alabaina, argi daukat itzuliko naizela». Xede nagusia baztertuta, Pucher beste helburu batean buru-belarri sartu zen. Fitz Royn saioa egin zuen. Horretarako “Supercanaleta” marran sartu zen. Mila metro eskalatu eta ertzera iritsi ondoren, austriarrak ikusi zuen aurrean zuen bidea baldintza eskasetan zegoela. Xedea borobiltzeko, ehunka metro gutxi batzuk falta zitzaizkion, eta, azkenean, erretiratu egin zen. Pollonen, bai Bi saio eder, baina bietan ala bietan esku hutsik bukatu zuen. Etxera itzuli aurretik, austriarrak patrikara xede “txikiago” bat eraman nahi zuen. Eta, zorionez, lortu egin zuen. Cerro Pollonera abiatu zen. Irailaren 17a zen, eta, beraz, bertako neguaren bukaera gainean zuen. Orratzaren hego aurpegia ez da zaila: izotz erraza, serac zein artesietan nabigatu behar da… Baina azken 30 metroek bestelako irudia erakusten dute: «Azken metroak oso zailak izateaz gain, arriskutsuak dira. Puntu jakin batean nire pioleta soka txiki batekin lotu eta hura jaurti nuen. Eskailera txiki bat zen, eta han goian pioleta katigatu zen. Azken hiru metro horiek oso garbi zegoen granitozko tartea ziren. Artifizialean eginiko maniobra arriskutsu hori ondo atera zen. Ondoren, handik ateratzeko mantel bat egin nuen». Tontorrean zutik jartzeko ere arazoak izan zituen: «Zutik jartzeko maniobra bereziak egin behar izan nituen, baina arriskua onartu nuen. Oro har, metro horiek kenduta, eskaladak ez du zailtasun berezirik. Ez nuen nahi gailurretik lau metrora geratzea. Baten batek esan dezake horrek ez duela garrantzirik, baina nik argi daukat izaera horretako eskaladetan baduela. Colin Haley, adibidez, duela bost urte tontorretik bi metrora geratu zen. Eta berak eskalada hori ‘saio’ bat bezala hartu zuen». Austriarrak, beraz, Cerro Polloneren neguko lehen igoera lortzeaz gain, bakarkako lehen eskalada ere sinatu du. MARKUS PUCHER Austriarrak Cerro Torren saio bikaina egin zuen, baina gailurretik 40 metrora geratu zen. Fitz Royn, berriz, oso urrun. Saria, azkenik, Cerro Pollonen eskuratu du.