2016 AZA. 07 ALPINISMOA Errusiar eskalan, emakumeen 6b gradua iritsi da dagoeneko Marina Popova, Olesya Babushkina, Vladimir Sysoev eta Denis Prokofyev errusiarrak «Tears of the Dragon» bidea (6B, A3, M5, 1.150 m) zabaldu dute Txinako Harresi Handia izeneko mendian (Kirgizistan). Ipar-ekialdeko hormaren bigarren igoera izan da. Azken eguneraketa: 2016 AZA. 07 - 06:42h Andoni ARABAOLAZA Izen bitxia duen Txinako Harresi Handia mendia (5.120 m) erabat ezezaguna da ingurumari honetan. Kirgizistango Kokshall-Too mendilerroan dago (Tien Shan erdian, Kirgizistan eta Txina arteko mugan), eta haren ondoan irakurleari ezaguna egingo zaion Kyzil Asker mendia aurkitzen da. Bada, pasa den uztailean, Txinako Harresi Handia mendiaren ipar-ekialdeko horman talde errusiar batek bide berria zabaldu zuen; hain zuzen ere, bigarren igoera da. Sokada hori bina emakumez zein gizonez osatua zegoen: Marina Popova, Olesya Babushkina, Vladimir Sysoev eta Denis Prokofyev. Laukote honek “Tears of the Dragon” marra sortu zuen: 6B errusiar eskalan (gradu gorena), A3, M5, 1.150 m. Horrela bada, Popova eta Babushkina lehen emakumezko errusiarrak bihurtu dira gradu hori lortzen (gure eskalan ED2 izango litzateke); hori orain arte soilik gizonezkoen esku zegoen. Aurkezpen txiki hau egin eta gero, Kokshall-Too mendilerroan dagoen Txinako Harresi Handia mendi ezezagunera abiatuko gara. Ez da oso garaia, 5.120 metro ditu, baina irudietan ikusten den bezala, alpinismo teknikorako eremu arras erakargarria da. Errusiarrek ipar-ekialdeko aurpegian jardun dute, eta hain zuzen ere, horma hori igotzen lehenak Bas Visschjer, Vincent Perrin eta Bas van Smeede nederlandarrak izan ziren. Duela hiru urte hormaren lehen bidea sortu zuten: “Double Trouble” (TD-, AI4, 800 m). Talde horren aurretik eskoziarrak (2004) eta alemanak (2011) saiatu ziren, baina, esan dugun bezala, herbeheretar horiek izan ziren Txinako Harresi Handia mendiaren ipar-ekialdeko horma igo zuten lehenak. Errusiarrak, berriz, uztailaren 23an protagonistak bihurtu ziren. Prokofyevek aurreratu du eskualde hori ez zutela ezagutzen: «Informazioren bat edo beste irakurri genuen, baina aitortu behar dut guretzat guztiz ezezaguna zela. Berez, Kyzil-Asker mendian bide berri bat zabaldu nahi genuen. Aukera hori ondo baino hobeto aztertu genuen, baina balizko marra horrek ez zituen baldintza egokiak. Helburu horren ondoan Txinako Harresi Handia mendia zegoela ikusi genuen, gure kanpalekutik hurbilago zegoena. Kasu honetan izotzaren eta elurraren baldintzak egokiagoak ziren; eta eguraldia, berriz, ‘egonkorragoa’. Mendira hurbildu eta hainbat aukera aztertu genituen. Jakin bagenekien, beste talde batzuk saiatu zirela eta talde herbeheretar bat gailurrera mendiaren ipar-ekialdeko lekurik errazenetik igo zela». Kyzil-Asker mendian zuten xedea baztertu ondoren, laukote errusiarra hurrengo helburuan buru-belarri jarri zen. Laurak ala laurak eskarmentu handiko alpinistak dira, eta hautatutako marran ondo baino hobeto estutu behar izan zuten. Prokofyevek dio, ipar-ekialdeko hormatzarraren marra agerikoena aukeratu zutela: «Behetik ikusita, argi ikusten zen marra hori eskalatu behar genuela. Agerikoena izateaz gain, seguruena zen. Paretaren erdi-erditik doa, eta, zehazki esanda, diedro handi eta luze bat eskalatu genuen. Pareta oso bertikala da, eta eroria duenez, goitik erortzen ziren izotz eta arroka erorketetatik seguru ginen. Horretaz guztiaz gain, azpimarratu behar dut eskalatu genuen tarte luze hori monolitikoa dela; ezusteko handia hartu genuen. Eskaladaren hirugarren egunean, adibidez, soilik 90 metro igo genituen. Eskalatzen ari ginen metroak oso leunak ziren. Ageriko bide bat aurkitu behar genuen, eta horretarako 50 metroko rappela egin eta eskuinaldera jo genuen. Ez zen leku batere argia, baina, azkenean, izotzarekin zegoen tximinia zabal bat aurkitu eta hari jarraitu genion». Lau egun Sokada honetan, Prokofyev izan da espedizio burua; 42 urterekin, eskarmentu gehien zuen taldekidea. Popova behin baino gehiagotan orriotatik igaro da, batez ere hormatzarretan egin dituen jarduera bikainengatik. Babushkinak ere erakutsi du ondo moldatzen dela izaera horretako eskalada alpinoetan. Eta Sysoev, gazteena (32 urte), eskalada garbien aldeko jarraitzaile sutsua da. Bada, laukote hori marra berria zabaltzen uztailaren 20an (07.40an) hasi zen; bukatu, berriz, hiru egun beranduago. Gailurra 23an zapaldu zuten, 15.20an. Guztira, 1.150 metro berri dira; horietarik 100 gailurrera eramaten duen ertza. Txinako Harresi Handia mendira heldu ahal izateko, errusiarrek hurbilketa bide korapilatsua egin behar izan zuten: «Txinatik abiatzen bazara, badirudi nahiko erosoa dela. Baina gu Kirgizistanetik joan ginen. Bixkek hiriburutik kanpalekura iristeko, bi egun behar izan genituen. Komarov glaziarra eta 4.700 metroko kota bat zeharkatu genituen. Den-dena elurrak zurituta zegoen, eta bide osoa elurretako erraketekin egin genuen: 18 kilometro egiteko 13 ordu oinez! Bestalde, eguraldiari dagokionez, iragarpenak ez ziren bete: oso aldakorra eta ezegonkorra. Espedizio osoan soilik bi egun on egin zizkigun. Elurra di-da batean hasi eta oso azkar gelditzen zen. Tenperatura egunez 0°-tik gora zen, baina gauez, jakina, jaisten zen. Alabaina ez zen batere muturrekoa». Errusiarrek igoera kapsula estiloan egin zuten: «Saiatu gara (hori da gure apustua) estilo arinenean eskalatzen, baina oraingoan helburu hori ezin izan dugu bete, bide osoan erlaitz gutxi zeudelako. Horietako bat marraren hasieran zegoen, baina goialdetik erortzen ziren izotz eta arroka puskek desegin zuten. Hori dela-eta hamaka bat eraman genuen. 60 metrotik 60 metrora parabolt bat jarri dugu». Bidearen ezaugarriei dagokienez, Prokofyevek azpimarratu nahi izan du monolitikoa dela: «Haizeterik ez bazegoen eta eguzkiak giroa epeltzen bazuen, katu-oinekin eskalatzen genuen. Baina eguzkia 13.30ean ezkutatzen zen, eta ur guztia izotz bihurtzen zen; egoera horretan ezinezkoa zen katu-oinekin igotzea. Zabaldu dugun bideak, berez, hainbat zati ezberdin ditu. Lehenak 200 metro ditu, eta horretan era askean igo genuen. Bigarrenak, aldiz, makina bat zeharkaldi, irtengune arriskutsu... ditu: guztira, 600 metro. Hirugarrenean (150 m), izotz piloa zuten tximinia zabalak eskalatu behar izan genituen. Hirugarren eguna zen, eta gailurra egiteko aukera ez zen batere argia. Murru zuri batera heldu ginen, eta, hura eskalatzea ezin zenez, rappelatu behar izan genuen. Eskuinaldera, offwidth izoztu batzuk zeuden». Protagonistek onartu dute eskaladaren tarte hori “Tears of the Dragon” marra berriaren giltza izan zela: «Tximinia zabal horiek aztertu ondoren, ohartu ginen artesien izotza ‘hutsik’ zegoela. Bai, pioletak erabiltzeko eta torlojuak jartzeko ez zuen balio. Konpromiso eta arrisku handiko zatia zen; une batzuetan segurua 15 metrora genuen. Sekzio hori gaindituta, eskalada askoz ere atseginagoa egin zen. Azken zatian sabai bat gainditu eta ertzera heldu ginen. Gailurra egin eta gero, hormatzarrean zintzilik (bost luze beherago) genuen hamakara jaitsi eta gaua igaro genuen. Eta biharamunean paretaren oinarrian geunden». GOGORRA Kokshall-Too mendilerroan dagoen pareta ezezagun hori eskalatu ahal izateko lau egun behar izan zituzten. Zailtasun teknikoei dagokienez, A3 eta M5 eskalatu zuten. 6B GRADUA Zailtasun orokorrari 6b eman diote, hots, errusiar eskalan dagoen gradu gorena. Zailtasun hori egiten lehen emakume errusiarrak Popova eta Babushkina izan dira. BIDE BERRIA Pasa den uztailean, Marina Popova, Olesya Babushkina, Vladimir Sysoev eta Denis Prokofyev errusiarrek Txinako Harresia Handia mendiaren ipar-ekialdeko hormaren bigarren igoera egin zuten.