2016 ABEN. 05 Surfa Maui Women’s Pro 2016: Tyler Wright garaile WCT itzuliko azken proban Tyler Wright munduko titulua eskuratuta iritsi zen itzuliko azken probara. Ez zeukan Mauiko txapela eskuratzeko behar berezirik, baina lehiakide senak bultzatuta-edo azken proba ere berak irabazi zuen. Azken eguneraketa: 2016 ABEN. 05 - 07:16h Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Amaitu da nesken lehen mailako munduko WCT (Women's Championship Tour) zirkuitua. Iaz bezala, Mauin (Hawaii) amaitu da, baina aurten olatuak ez dira onak izan eta ikusmina ere txikia izan da. Txapelketa derrigor egin behar zutelako egin zuten, baina baldintza oso pobreak izan ziren Mauin. Tyler Wrightek eskuratu zuen aurtengo munduko titulua urrian Frantzian egin zen zirkuituko azken-aurreko txapelketan; beraz Mauin ez zuen deus galtzeko arriskurik, ezta irabazteko gauza handirik ere; hala ere, parte hartu zuen 2016ko nesken WCT zirkuituko hamargarren eta azken txapelketan eta irabazi egin zuen gainera. Olatu txikiak Iazko zirkuituak amaiera bikaina izan zuen Mauin. Sekulako olatuak izan ziren, hiru metroko eskuin olatu perfektuak, eta neskek itzelezko maila erakutsi zuten. Carissa Moore hawaiiarrak irabazi zuen txapelketa gogoangarria eta hirugarren aldiz munduko WCT titulua ere eskuratu zuen. Aurten, ordea, olatuak oso txikiak izan dira Mauin; haitzen gainean lehertzen ziren olatu ahulak eta lehiakideek ozta-ozta lortzen zuten ariketaren bat edo beste egitea. Olatuen kalitate eskasaz gain, saltsa pixka bat ere falta zen lehiaketa honetan; izan ere, aurtengo munduko titulua jada eskuratua zuen Tyler Wright australiarrak; beraz, ez zen aparteko ezer espero. Lehiakide gehienek aurtengo ranking orokorra ahalik eta ongien amaitzea zuten buruan, baina horretan ere ez zuen asko eragingo itzuliko azken txapelketak, jada ezer gutxi egin baitzezaketen lehiakideek; izan ere, aurtengoan postuak oso finkoak izan dira itzuliak iraun duen artean, oso aldaketa gutxi izan da eta horrelakoetan azken txapelketak ez du aparteko eraginik izaten. Hortaz, ikusmina ere ez zen handia 2016ko nesken azken txapelketari begira. Moore vs Wright Finalera iazko WCT txapelduna eta aurtengo txapelduna iritsi ziren; alegia, Carissa Moore eta Tyler Wright. Esan bezala, ez zegoen jokoan aparteko titulu edo saririk, soilik Mauiko txapela eskuratzearren lehiatzen ziren, diru saria irabazteko eta ez puntuak lortzeko. Hala ere, lehiakide senak beren onena ematera bultzatu zituen surflariak eta, finalean ikusi ahal izan zenez, lehiakideak beren maila altua erakusten saiatu ziren. Metro bateko altuera ere ez zuten olatuek Mauin eta urautsi honek gutxienez bi metro behar izaten ditu olatuak behar bezala lehertzen hasteko. Baldintza onetan sekulako lekua da, baina olaturik ez dagoenean alferrik da hondo onak izatea. Olatuak berek eskaintzen ez zuen indarra surflariek sortu behar zuten, edozein inertzia edo bulkadaz baliatuz. Bikain aritu ziren Wright eta Moore, baina azkenean australiarra gailendu zen. Esan bezala, jada aurtengo munduko titulua eskuratua zuen Wrightek eta ez zuen azken txapelketa irabazteko beharrik, baina irabazi egin zuen eta lehiakideei zeharkako mezua igorri zien, datorren urtean ere munduko titulua eskuratzeko indartsu dagoela erakutsiz. Hiru bider munduko txapeldun izan den Carissa Moore etxean garaitu zuen Tyler Wrightek eta aurten lehen aldiz irabazi duen munduko tituluari eusteko asmotan dagoela frogatu zuen, baina bere aurkariek ere ez dute etsitzeko asmorik eta datorren urteari begira gogor lan egingo dutela iragarri zuten guztiek. Horixe esaten zioten lehiakideek txandaren ostean galderak egitera gerturatzen zen WSL-ko erreportariari. Gauzak horrela, nesken lehen mailako rankingeko lehen bost postuak hauexek izan dira. Lehenik, Tyler Wright. Bigarren, Courtney Conlogue estatubatuarra. Hirugarren, Carissa Moore hawaiiarra. Laugarren postua Tatiana Weston-Webb hawaiirrarentzat izan da, eta bosgarren postuan Johane Defay frantsesa geratu da. Nesken mundu mailako WSL itzulia amaitu da. Mutilen kasuan, ordea, oraindik lehen mailako azken txapelketa egitea falta da, Pipelinekoa. Bestalde, Triple Crown itzuliko bigarren txapelketa, Sunsetekoa, bart gauean amaitzekotan ziren, gaurko olatuek behera egitea espero baitzuten antolatzaileek. Itzuli honen inguruko erreportaje sakona datorren astean argitaratuko dugu. WRIGHT INDARTSU Hiru bider munduko txapeldun izan den Carissa Moore garaitu zuen Tyler Wrightek eta aurten lehen aldiz irabazi duen munduko tituluari eusteko asmotan dagoela frogatu zuen