2016 ABEN. 19 Surfa Aitor Francesena txapeldun ISAko mundu lehiaketan Aitor Francesena «Gallo» eta Ibon Illarramendi zarauztarrek munduko txapela eskuratu zuten pasa den astean ISA erakundeak Kalifornian egin zuen ikusmen urriko kategorian. Larunbatean omenaldia egin zieten Zarauzko udaletxean. Azken eguneraketa: 2016 ABEN. 19 - 06:40h Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Pasa den abenduaren 11n surf egokituko munduko txapela eskuratu zuen Aitor Francesena Gallo zarauztarrak. International Surfing Assotiation (ISA) erakundeak urtero antolatzen ditu Kaliforniako La Jolla hondartzan ahalmen urriko surflarientzako txapelketak. Desgaitasunaren arabera sailkatutako sei kategoria daude eta Francesenak ikusmen urriko kategorian lortu zuen txapela. ISAko titulu ofiziala ISA erakundeak antolatzen dituen txapelketak ofizialak dira, hau da, norbait munduko txapelduna den ala ez esateko eskumena duen erakunde bakarra da. WSL erakundeak antolatzen dituen munduko txapelketak, esaterako, mundu mailakoak dira, baina, aldiz, WSL erakundeak ez du inor munduko txapeldun izendatzeko eskumenik, erakunde pribatua baita. Olinpiar Jokoetan parte hartzeko bitarteko erakundea, surfari dagokionez, ISA da. Luzaroan ez du indar handirik izan ISA erakundeak eta egun ere oraindik WSL bezalako zirkuitu pribatuek arrakasta eta indar handiagoa dute, baina, aldiz, azken urteotan lan handia egin da eta 2020. urtean Japonen izango diren Olinpiar Jokoetan lehen aldiz surfak bere lekua izango du. Egindako lan horri esker eta Olinpiar Jokoek sor ditzaketen aukera berriei esker, azkenaldian ISAko txapelketak garrantzia hartzen hasi dira. Modalitate desberdinetako munduko txapelketak antolatzen ditu ISAk munduko herrialde desberdinetan. Esate baterako, longboard, Stan Up Padle, junior edo taldekako txapelketak antolatzen ditu, baita gaitasun urriko surflarientzako munduko txapelketak ere. Hor kokatzen da La Jollan egiten den txapelketa. Surf lehiaketa egokituak Parte hartzaileek daukaten desgaitasunaren arabera sei kategoria desberdinetan sailkatzen dira surflariak. Batzuek gorputz-adarrak falta dituzte, beste batzuek gorputzeko elbarritasuna izan dezakete... Hala, surfa parte hartzaileen ahalmenetara egokitzen da. Horregatik deitzen da “egokitutako surf txapelketa”. Francesena ikusmen urriko kategorian dago. Aurtengoa parte hartzen duen bigarren aldia da. Iaz ere Ibon Illarramendiren laguntzarekin lehiatu zen. Laguntzaileak uretan den lehiakidea bideratzen lagun dezake, ezkerrera edo eskuinera jotzeko edo zer motatako olatua datorren esan diezaioke; beraz, oso garrantzitsua da bi lagunen arteko konexioa eta elkarlana. Lehiakide bakoitzak selekzio bat ordezkatzen du, eta selekzio bakoitzeko kideek lortutako emaitzen arabera selekzio edo ekipoak ere postu bat edo bestea eskuratuko du. Gauzak horrela, Francesena eta Illarramendik lortutako txapela espainiar selekzioko kideek ISAko txapelketa batean inoiz lortutako emaitza onena izan da, beste modalitateetan lortutako emaitzak ez baitira oso onak izan. La Jollako txapelketan ere, espainiar selekzioak kategoria batean garaipena lortu arren, taldekako sailkapenean hamargarren postua baino ez zuen eskuratu. Adrian Kaperotxipi Ez da lehen aldia zarauztar batek surf egokituan munduko txapelketa bat irabazten duena. 2009ko abuztuan, Adrian Kaperotxipi zarauztarrak Hawaiin izan zen gor-mutuentzako munduko txapelketa irabazi zuen “Grandmaster longboard” kategorian. Orduko hartan Kaperotxipik norbanako bezala lehiatu zuen eta euskaldun gisa lehiatzen utzi zioten gainera. Aldiz, ez zen txapelketa ofizial bat izan, ISA erakundeak oraindik ez baitzuen halakorik antolatzen. Omenaldia Zarautzen Aitor Francesena oso ezaguna da, bai itsu geratu aurretik izan zuen ibilbideagatik, bai itsu geratu ostean egindako balentriengatik. Bere curriculuma luzea bezain oparoa da, lehiaketa mailan, surf irakaskuntzan eta baita argitaratutako lanengatik ere. Horregatik, Francesenak Kalifornian lortutako garaipenaren berri jakin bezain laster, Zarauzko herritarrak ongietorri beroa antolatzeko elkartu ziren. Ostiral gauean surf elkartean egin zioten lehen harrera. Larunbat arratsean, berriz, udaletxean jaso zuen omenaldia. SURF EGOKITUA Surflariak desgaitasun desberdinen arabera sei kategoriatan sailkatzen dituzte, surfa haien ahalmenetara egokituz. Horregatik deitzen da «egokitutako surf txapelketa». EMAITZA ONENA Aitor Francesena eta Ibon Illarramendik lortutako txapela espainiar selekzioko kideek ISAko txapelketa batean inoiz lortutako emaitza onena da.