2016 ABEN. 19 ALPINISMOA Chon-Tor ezezaguneanneguko jardun gogorra Iazko neguan, Yegor Suzdaltsev eta Ivan Temerov errusiarrek Kirgizistaneko Chon-Tor mendiaren (4.108 m) ipar-mendebaldeko paretan «Abentura espiritua» bidea (6A) zabaldu zuten. Jardun hori Errusiako Urrezko Pioletaren hautagaietariko bat izan zen. Andoni ARABAOLAZA Azken hilabeteotan, batez ere udatik hona, orriotatik Kirgizistaneko mendietan egin diren goi mailako jarduerak pasatu dira. Ia gehienak alpinista errusiarrek eginikoak izan dira, baina Europako Mendebaldekoek sinatutakorik ere jaso dugu baten bat. Kyzyl Asker edo Great Wall of China bezalako mendiak izena hartzen ari diren bitartean, beste batek, Chon-Tor mendiak, ezusteko agerraldia izan du. Lasai asko esan genezake mendi horren izena lehen aldiz entzun dugula; beraz, guretzat oso ezezaguna da. Alabaina, badirudi ingurumari hartako alpinistentzat ere ez dela batere “mediatikoa”. Horrekin esan nahi dugu apenas duela bisitarik. Baina Yegor Suzdaltsev eta Ivan Temerov errusiarrek Chon-Tor lehen lerroan jarri dute. Bi alpinistok mendiaren ipar-mendebaldeko paretan goi mailako jarduera egin dute. Eta, gainera, neguan; iazkoan, alegia. Aipatu dugun horma horretan “Abentura espiritua” bidea sortu zuten (6A, errusiar eskalan). Hori guztia gutxi izango balitz bezala, lerrootako protagonistok pareta horren lehen igoera egin dute. Eta horretarako kilometro bateko ibilbidea eta 33 luze eskalatu behar izan zituzten. Jardun bikaina, beraz, Suzdaltsevek eta Temerovek egin zutena, eta onartu behar da lan horrek aitortza izan duela. Bai, pasa den astean aipatu genizuen Errusiako Urrezko Pioleta Thalay Sagar mendian eginiko jarduerak irabazi zuela. Bada, beste lau hautagai zeuden, eta horietako bat zen Chon-Tor mendian eginikoa. Temerovek azaldu du kontra-horma horretan eskalatutako marra agerikoena zela: «Horrez gain, zaila iruditzen zitzaigun, eta, bidez batez, segurua». Pasa den urtarrilaren 21ean, sokada horrek paretaren oinarrian kanpaleku bat altxatu zuen: «Biharamunean lehen urratsak egin genituen; goizeko zazpietan, hain zuzen ere. Bederatzi luze eskalatu genituen, eta arratsaldeko bostetan bibaka prestatu genuen. Hurrengo egunean, berriro goizeko zazpietan, martxan ginen. Bidearen giltza bati ekin genion, eta arratsaldeko ordu biak aldera zati hori gaindituta genuen. Gaua pasatu ondoren, hirugarren eguna gailur eguna izan zen. Goizeko hamar eta erdirako pareta osoa eskalatuta geneukan, baina tontorrera heltzeko ertza gainditu behar genuen. Arratsaldeko lau eta erdiak pasatuta, mendiaren puntu garaienera heldu ginen. Gaua gainean genuen, eta, gailurrean soilik hamar minutu igaro ondoren, hego-ekialdeko paretatik jaisten hasi ginen. Bi rappel egin eta gaua pasatzeko prestatu ginen. Biharamunean couloir batetik jaisten jarraitu genuen. 600 metroko jaitsiera izan zen». Horixe da bi alpinistok eginiko jardueraren inguruan egin dituzten lerroburuak. Onartu dute pozarren daudela lortutako emaitzarekin. Baina, era berean, gehitu nahi izan dute harrituta geratu direla beraien igoera hormaren lehena (mendiaren lehena dela ere esaten da) izan delako: «Lehenik eta behin esan behar dugu mendi hori ederra dela oso, eta, jakina, eite horrek asko erakarri gintuen. Duela pare bat urte mendiaren argazkia sare sozialetan ikusi nuen. Alexander Agafonovek zintzilikatu zuen, eta hari hainbat galdera egin nizkion. Mendi hori eta batez ere eskalatu genuen pareta asko gustatu zitzaidanez, hara joatea erabaki nuen. Zaila zen jakitea igoerarik zuen ala ez; informaziorik apenas zegoen. Baina, Errusiako Alpinismoko Txapelketaren harira, Yegorrek eta biok Chon-Tor mendian apustua egingo genuela erabaki genuen. Argazkia aztertu ondoren, argi zegoen dorrearen goialdeak zaila zirudiela. Behealdea ikusten ez zenez, berriz, ez genekien zer aurkituko genuen». Ageriko marra Temerovek aipatu du lehen abentura etxean izan zutela; izan ere, informazioa lortzeko lan eskerga behar izan zuten egin: «Denbora asko egin genuen material kartografikoa lortzen. Bide batez, ingurumari hartako zein mendi horretan egin diren igoeren inguruko informazioa bilatu genuen. Eta horretaz guztiaz gain, honako beste informazioa pilatu genuen: hara iristeko ibilbide egokiena, eskalatu behar genuen marra agerikoena, jaisteko bide samurrena... Inolako zalantzarik gabe, hau guztia lortzea benetako abentura izan zen». Bestalde, bi alpinistok onartu dute argi zutela izaera horretako neguko jarduera bat egiteko estiloari garrantzia emango ziotela: «Soilik bi lagun izan gara. Ez ditugu gustuko makina bat kide dituzten espedizio horiek. Uste dugu estilo arinean eskalatzeko jardun horretan parte hartzen dutenek gaitasun handia behar dutela izan. Batzuk ahalik eta babesteko material gutxienarekin eta era librean eskalatzen saiatzen dira. Gure kasuan bide horretatik jarraitu nahi dugu, baina Chon-Tor mendian, adibidez, eskalada artifizial asko egin dugu. Ziur gaude zabaldu genuen marra udan eskalatzen badugu gure estiloa ezberdina izango zela. Baina neguan beste kontu bat da. Horretaz guztiaz gain, gehitu nahi dugu oso isolatuta geundela eta gure hurbilenekoekin ez genuela hartu-emanik. Hitz batean esanda, ametsezko estiloa Alex Honnoldek eta Tommy Caldwellek Fitz Royn edo Ueli Steck-ek Annapurnan eginikoak dira. Gu saiatu gara ingurumena babesten eta ahalik eta burdin pieza gutxiena sartu eta han uzten. Saiatu gara ere mendi eder horretan marra organiko bat bilatzen eta agerikoena igotzen». Bideari buruz errusiarrek aipatu dute abentura batek eskatzen dituen ezaugarri guztiak dituela: «Horregatik jarri diogu izen hori: ‘Abentura espiritua’. Bazirudien bi harroputzen inguruko atzerriko pelikula batean geundela. Bi lagun gailurreko bidea bilatzen ari zirenak, tresneriarik gabe geratu zirenak, jaitsiera aztertu ez zutenak eta amildegira abiatu zirenak. Granitoaren kalitateari dagokionez, esan behar dugu bidearen erdia baino gehiago nahiko sendoa zela. Paretaren argazki bat paperean eraman genuen, eta une oro nondik joan behar ginen eta non geunden eztabaidatzen eman genuen. Harrituta gaude zati zail batzuk gainditzeko gaitasuna izan dugulako. Neguan ez bezala, udan zati asko (bidearen %70) estilo askean igo daitezkeela uste dugu. Baina oso sasoiko dauden eskalatzaileek soilik egin dezakete hori; 8a bistan edo 8b landuta dutenek». Horretaz guztiaz gain, Suzdaltsev eta Tererovek gehitu nahi izan dute “Abentura espiritua” bideak bi giltza dituela: «30 metroko bina sekzio dira. Lehena, artesi itsu batetik egin genuen pendulua. Eta bigarrena, kontra-hormaren amaieran dagoen offwidth bat. Gu, bederen, oso gustura gaude sortu dugun proposamen horrekin; bide agerikoa izateaz gain, oso estetikoa delako. Neguan egin dugu. Bere alde onak eta txarrak ditu, baina biok ala biok argi geneukan urtaro horretan egin nahi genuela. Abantailen artean dago eskalada gogorra dela eta azkartasunarekin eta erabakitasunez jardun behar duzula. Baina, era berean, neguak oso muga zorrotzak (besteak beste, hotz ikaragarria) ezartzen ditu, eta hori da alde txarrena». LEHENAK Bi alpinistok hormatzar horren lehen igoera egin dute. Iazko neguan zabaldu zuten «Abentura espiritua» bidea (6A errusiar eskalan). AITORTZA Chon-Tor mendian eginiko jarduerarengatik, Suzdaltsev eta Temerov Errusiako Urrezko Pioletaren hautagaien artean izan ziren. Guztira, bost jarduera hautatu zituzten. KIRGIZISTAN Yegor Suzdaltsev eta Ivan Temerov errusiarrek Chon-Tor mendiaren (4.180 m) ipar-mendebaldeko pareta eskalatu dute.