GARA Euskal Herriko egunkaria
errugbia

Avironek bigarren zatian huts egiten jarraitzen du


Baionako Avironek berean jarraitzen du, eta lehen zati itxuroso baten ostean, bigarren zatian galtzen ditu irabazteko aukera guztiak. Behin eta berriz ari zaio pasatzen, eta hori konpondu beharra dauka, bestela datorren urtean Pro 2 Mailan jokatu beharko du.

Lapurtarrek 47 eta 18 galdu zuten Castresen zelaian, baina lehen zatian etxekoen parean aritu ziren. Van Lillek aurretik jarri zituen zuri-urdinak bigarren minutuan. Ondoren etorri zen etxekoen erauntsia eta gauzatutako bi entsegu etorri ziren, eta horrela, Castres jarri zen aurretik, 14-5. Zuri-urdinek, ordea, ongi erantzun zieten etxekoen erauntsiei, eta Du Plessisek lortutako bi zigor-kolpeei esker, 14-11koa jarri zuten markagailuan, eta horrela joan ziren atseden hartzera. Emaitza horrek itxaropeneko ateak zabalik uzten zizkien lapurtarrei.

Bigarren zatian, ordea, gauzak erabat aldatu ziren. Castres erasora atera zen, garaipenaren bila, eta aurreko astean, eta beste partida askotan gertatu bezala, Aviron atzeraka hasi zen, eta frantziarrek garaipenerako bidea eroso aurkitu zuten. Lau entsegu gehiago lortu zituzten, eta Aviron inongo aukerarik gabe utzi zuten.

Chouzenouxen entseguak, eta Lagarderen gauzatzeak lapurtarren markagailua apur bat itxuratu zuten, baina horrek ez zuen ezertarako balio izan. Baionakoek kezkatzeko arrazoi asko dauzkate, eta ez azken sailkatuak direlako bakarrik: bigarren zatian gertatzen dena ez da normala, eta hori konpondu beharra dago. Hemendik aurrera baionarrei irabazteak besterik ez die balio, mailari eusteko borrokan atzean geratzen ari baitira.