Surflari ernegatua

Zorionak zuri

Gaur bezalako egun batez etorri zen mundura, orain dela 64 urte, sagardoa alkate duten herri batean. Lehorreko surflaria da, nahiz eta taularik erabiltzen ez duen. Agitiko urautsia inork ezagutzen ez zuenean, han surf egin genezakeela esaten zigun, oraindik gure kostaldean urautsi berrien bila genbiltzan garaian. Egun, topatu genituen olatu haietako gehienak oso ezagunak dira.

Bi haur ekarri zituen mundura, bata gerlaria, bestea ernegatua. Bien artean emandako disgustuen zerrenda luzea da, kuantitatiboki zein kualitatiboki, baina ama batzuk horrelakoak dira. Jendeak esaten du ama guztiak direla halakoak, baina gezurra da, nik inguruan eskaskeria asko ikusi dut eta ikusten jarraitzen dut, guraso guztiak horrelakoak direla onartzeko. Soilik seme-alabei beren bidea egiten uzten dieten horiek dira nigan mirespena sortzen dutenak. Ados ez egon arren, edo hartutako bideak sufrimendua baino ekarriko ez dietela jakin arren, txoriari hegalak mozten ez dizkieten aita-amak.

Gaur egun oso ohikoa da haurrak surf egitera eramaten dituzten gurasoak ikustea, baina gure garaian ez zen horrela. Bizkaian Fuentes eta Acerotarrak ziren beren semeen taulak autoan sartuta eta batetik bestera ibiltzen zirenak. Gipuzkoan, Ibañez aita-semeak ikus zitezkeen elkarrekin surf egitera joaten, eta lantzean behin, Maria Jesusek ere eramaten gintuen hondartza berriak ezagutzera. Horrela joan ginen, esaterako, Mundakara lehen aldiz kuadrillako lagunekin.

Berrogeita hamar urterekin probatu zuen surfa lehen aldiz. Aitortu behar dut, min egin zidala, nire estilo berbera baitzuen, edo hobeto esanda, bere jarrera berdin-berdina daukat nik ere surf egiten dudanean. Hankak zabal, besoak luze eta ipurdia tente.

Orain dela pare bat urte berriz itsasoratu zen. Urte asko pasatu ditu lagunak surfa probatu zezaten konbentzitu nahian, baina alferrik, azkenean, Euskal Herriko historian izan den belaunaldi emankorrena osatzen duten kideak limurtzeko dagoen modu bakarrean lortu zuen hirurogei urtetik gorako emakume talde bat neoprenozko ur jantzietan enbutitu eta surf taulen gainera igoaraztea. Udan hondartzetan egiten den euskal presoen aldeko deialdi bideoa egiteko irudiak hartu behar ziren, eta noski, presoengatik bada, ez dago emakume hauek egin ez dezaketen ezer ere.

Taula gainean zutik jarri eta presoak herriratzearen aldeko banderatxoa esku artean zutela, banan-banan olatuak bultzatzeari ekin genion surf irakasle talde batek. Beldur apur bat bazuten, baina presoen aldeko ekimena zenez, egin egin zuten, eta nola gainera. Inguruan zen jendeak haluzinatu egiten zuen, baina beste aldera begiratzen saiatzen ziren, borondate oneko herritarrek gauza guztiekin egin ohi duten moduan.

Tira, konturatuko zineten gaurkoan ere surfa nola edo hala sartzeko ahalegina egin dudala, eta lortu dudala uste dut. Gainera, istorio berri bat kontatu dizuet, baina gaurko zutabe honen helburua, mundura ekarri ninduen Maria Jesus Altuna Aizpurua zoriontzea da. Urte askotarako ama, ea gaurkoan bazkaltzera bi eguneko gaupasa egin gabe iristen naizen.