Jon LEUNDA

TOLOSA GERATZEKO ASMOAREKIN ITZULI DA HIRUGARREN MAILARA

Tolosa taldeak argi eta garbi utzi du geratzeko itzuli dela Hirugarren Mailara. Igo berria izan arren, lehen itzuli bikaina egin du, eta sailkapeneko erdialdean dago, gora begira. Geratzen den beste erdia ere berdina edo hobea egin nahiko luke, inongo arazorik ez izateko.

Denboraldiaren erdia amaitu denean, Tolosa taldea da Hirugarren Mailako laugarren multzoko ezusteetako bat. Gipuzkoarrak aurten itzuli dira maila horretara, iaz Gipuzkoako Ohorezko Mailako onenak izan ostean, eta sailkapeneko erdialdean, gora begira daude.

Lehen itzuli bikaina egin dute, eta orain bide beretik jarraitu nahiko lukete, geratzen den beste erdian. «Igo berriak garela kontuan hartuta, eta sailkapenean gauden lekuan egonda, esan daiteke ezustea eman dugula, baina jadanik hori pasatu dela iruditzen zait. Orain gainerako talde guztiek badakite nola jokatzen dugun, nolako jokalariak ditugun, eta lortzen ari garena ez dela kasualitatea ere bai», dio Justo Lillok, taldeko entrenatzaileak.

Iazko plantillarekin alderatuta, ia aldaketarik ez dutela izan dio teknikariak. «Ia-ia taldea pasa den urtekoa dela esan genezake. Bakarren batek edo bestek utzi du taldea, eta haien lekua hartu eta apur bat indartzeko etorri dira beste batzuk, baina asko ez. Ia denak Tolosakoak dira, gainera, eta jokatzen ari den ekipoa tolosarrena dela esan genezake», dio Justok. Ohorezko Mailatik Hirugarren Mailara ere, aldaketa badagoela uste du, baina ez horrenbestekoa. «Aldaketa badago, hori dudarik ez. Erritmoa handiagoa da, eta kalitatean ere nabari da, baina agian ez horrenbeste. Tolosak jende oso gaztea dauka, baina kalitate handikoa. Hemendik urte pare batera egongo dira hauek bere punturik gorenean», dio Lillok. 

«Aurten uste dut Hirugarren Maila azken urte hauetako indartsuena dela. Alde batetik, bigarren taldeak daude, Alaves B eta Vitoria, Eibarren bigarren taldea. Bi ekipo horietan ikaragarrizko jokalariak daude, leku askotakoak, eta kalitate handikoak. Gero, kanpoan zebiltzan jokalari mordo bat etxera itzuli da. Krisiak futbolean gogor jo du, eta lehen kanpoan aritu diren asko itzuli egin dira eta hirugarren mailetako taldeetan dabiltza, eta horrek maila honi indar handia eman dio», erantsi du.

Kalitatez ez ezik, eskarmentuz ere ekarpen handia egiten omen dute jokalari horiek ari diren taldeetan, eta hori ere asko nabaritzen omen da. «Garbi dago kalitatez igotzen direla jokalari horiekin, baina horretaz gain, eskarmentua ere handia izaten dute, eta horrek ere maila hauetan asko balio du. Esaterako, pasa den astean Balmasedan jokatu genuen, eta han Cuevas eta Lanbarri zeuden jokatzen. Bat Eibarren urte askoan ibilitakoa, eta bestea Mirandesen, eta euren jarduna asko nabaritzen da. Gu Balmaseda baino gehiago izan ginen, baloia gehiago izan genuen, baina partida kontrolpean geneukala zirudienean, gola egin ziguten. Hori gertatzen da horrelako jokalariekin, baina Tolosak ez dauka dirurik horrelakoak ekartzeko. Hori bai, daukadan plantilla ez nuke beste inorekin aldatuko, oso gustura nago daukadanarekin», esan du Justo Lillok.

 

Kontuz

Tolosak lehen itzuli bikaina egin du, eta bide beretik jarraitu nahi du. Izan ere, aurten lau baino gehiago jaitsi baitaitezke Hirugarren Mailatik. Bigarren B Mailara begiratuta, beheko postuetan euskal talde asko ikusten dira, eta hori kezkagarria dela dio Tolosako entrenatzaileak. «Bigarren B Mailan horrenbeste euskal talde egonda, normala da bakarren bat behean ibiltzea. Kezka horrekin hasi genuen denboraldia, baina une honetan askotxo daude hor behean. Zamudio, Sestao eta Amorebieta daude, eta horiek jaitsiko balira komeriak izango dira. Garbi dago badaezpada ere, gutxienez sailkapenaren erdialdean ibili behar dela, horrela badakizu ez duzula arazorik izango eta ezusterik ere ez», esan du.

Hala ere, Lillok garbi dauka multzo honetatik ere Bigarren B Mailara igoko direla bat baino gehiago. «Garbi daukat Alaves B eta Vitoria hor goian izango direla, eta nire ustez biek izango dituzte igotzeko aukera handiak, oso jokalari onak dituztelako. Baina kontuz, hor sartzen diren beste taldeak ere igo daitezke. Pentsatzen dut hor ibil daitezkeela Durango, Portugalete edo Beasain ere, eta horiek oso indartsuak direla, eta haiek ere lor dezaketela igotzea. Baina horri begira ezin gara egon. Guk uste dugu gauden lekuan ibil gaitezkeela. Oso futbol ona egiten dugu, ikusteko gustagarria, eta jendeak garbi izan dezala Tolosa Hirugarren Mailara bertan geratzeko itzuli dela», esan du entrenatzaileak.

Tolosarra taldeko jarraitzaileekin ere oso gustura agertu da. «Jende asko etortzen da gu ikustera, eta hori poztekoa da. Futbol gustagarria egiten dugu, eta hori zaleek eskertzen dute. Jarraitzaileekin oso gustura gaude, eta oso eskertuta ere bai. Nik uste dut jenderik gehienetakoa joaten den zelaia dela gurea», esan du Justo Lillok.