Asier AIESTARAN
Futbola

Euskal Herria subjektu

Durangon aurkeztu zituzten gizonezkoen Euskal Herriko I. Txapela eta emakumezkoen VII. Kopa.

Euskal Herria Kirola erakundeak ekitaldi berezi bat ospatu zuen atzo, Durangoko Plateruena kafe antzokian, gizonezkoen futboleko Euskal Herriko I. Txapela eta emakumezkoen VII. Euskal Herriko Kopa aurkezteko. Kirol desberdinetako hainbat ordezkarik hartu zuten parte aipatutako bi lehiaketen berri emateko balio izan zuen ekitaldian.

Aurtengo berrikuntza nagusia gizonezkoen Euskal Herriko Txapela izango da. Denboraldi-aurrean aurkeztu zen proiektuarekin jarraituz, eta Lehen Mailan bost euskal talde izateak ematen duen aukera historikoa aprobetxatuz, euskal derbien emaitzak kontuan hartuta egingo den sailkapeneko bi talde onenek jokatuko dute txapel hori datorren udan.

Oraingoz, eta lehen itzuliko hamar derbiak jokatu ostean, Athletic dago lehen postuan, 8 punturekin; Reala bigarren, 6rekin; Alaves hirugarren, 5ekin; Eibar eta Osasuna berdinduta daude, 4 punturekin. Lehiaketa berri horri babesa emateko ekitaldian izan ziren Jose Angel Iribar eta Mikel Etxarri, euskal selekzioko hautatzaileak. Euskal taldeetako ordezkariek ere parte hartu zuten ekitaldian. Kortaberria (Reala), Koikili (Athletic) eta Gurrutxaga (Eibar) bertan izan ziren; ezin izan zuten joan Josu Sarriegik (Alaves) eta Patxi Irigibelek (Osasuna), nahiz eta beren babesa erakutsi proiektuari.

Emakumezkoen Genets ere bai

Emakumezkoen kasuan, Euskal Kopak jada sei urteko ibilbidea egina du, baina zazpigarren ekitaldirako beste urrats bat eman nahi dute, Ipar Euskal Herriko talde baten parte-hartzea gehituz. Hala, Angeluko Genetsek ere jokatzeko aukera izango du Nafarroako Mulier, Gasteizko Aurrera, Oiartzun, Reala eta Athleticekin batera. Lehen Mailako taldeetako hiru kapitainak ere, Anne Mugarza, Iraia Iturregi eta Aintzane Encinas, ekitaldian izan ziren.

Esan bezala, ekitaldian beste hainbat kiroletako ordezkariek ere parte hartu zuten. Arritxu Iribar eta Xabier Usabiaga kazetarien gidaritzapean, eta Mikel Troitiño EH Kirola erakundeko presidentea bertan zela, Iñaki Osa Goikoetxea puntista, Aitzol Atutxa aizkolaria, Aimar Irigoien eta Inhar Urruzono harri-jasotzaileak, Igor Esnaola segalaria edota Zuriñe Frutos lokotx bilketako txapelduna saritu nahi izan zituzten lortutako emaitza onengatik.

Iñaki Perurena eta Marino Lejarreta kirolari ohiak ere gonbidatuta zeuden, eta leitzarrak hitzaldi eder askoa eskaini zien bertaratu ziren guztiei. Laukizko sokatira taldeak, euskal selekzio moduan domina irabazi ostean, eta Iñaki Laskurainek, errugbiko federazioko presidenteak, ere hitza hartu zuten.