GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Barriola: «Lehian sartuta, urteroko presio bera da»

Bere azken txapelketako lehen erdia betetzear dela, finalerdietan sartzeko borroka besterik ez du buruan.


Apiril erdira arte izango duen atzerako kontaketan, koska berri bat jango dio Abel Barriolak bere ibilbideari larunbat honetan Labriten. Bere azken txapelketako lehen itzulia amaituko da Olaizola II.a-Untoriaren aurka jokatuta eta, emaitzak berak nahi bezalakoak ez balira, bere azken zortzi partidei egingo die aurre. Pilotari lehiakorra izanda, ordea, sentimenduek ez dute, oraingoz, lekurik bere pentsamenduetan eta txapelketan buru-belarri sartuta dago leitzarra.

«Ez dut nabaritu gusturago, erlaxatuago edo presio handiagoarekin jokatu dudanik; urteroko gauza bera da. Nire azken txapelketa izango da, baina behin txapelketa prestatu, materiala aukeratu eta partidak jokatzearen dinamikan sartzen zarenean, atzean dagoen guztiaz ahazten zara, txapelketan murgiltzen zara eta ez nago besteetan baino arduratuago edo lasaiago. Partiden aurretik orain dela hiru edo hamar urte izaten nituen zalantza, urduritasun eta ilusio bera ditut», azaldu zuen Abel Barriolak biharko materiala hautatu ostean.

Normala den bezala, «tarteka burutik pasatzen dira halako pentsamendu batzuk, ‘hau azkeneko txapelketa da’ eta halakoak, melankoliak jotzen zaitu inoiz, baina ezin zara gauza horietan nahastu».

Txapelketan sartuak

Ez zuten, ez berak eta ez Jokin Altunak txapelketa hasiera erraza izan, baina azken bi garaipenek finalerdietara sailkatzeko helburuaren lehian sartu dituzte. «Bikote guztietan gertatzen den bezala, izan ditugu gure gorabeherak. Nik lehen jardunaldian eskuin eskua izorratu nuen eta Jokinek belauna, baina biok osatu gara eta eta oso pozik gaude azken bi asteetan izandako errendimenduarekin. Finalerdietan sartzeko beharrezkoa da erregulartasun bat izatea eta ea larunbat honetan dinamika berari eusteko gai garen. Altunarekin jokatzea gozamena da, oso gaztea da, baina era berean oso heldua eta txapelketaz ikaragarri gozatzen ari naiz; askoz gehiago irabazten duzunean, ea hortaz 22ra iristerik dugun».

Atzo aukeraketan izaterik ez zuen Jokin Altunarekin jokatutako hiru partidak irabazi dituzte Aspekoek eta lehia horietan atzelaria oso maila onean aritu da. Honek, ordea, ez du profesional izateari uzteko hartutako erabakitik urrundu. «Txapeldun izanda ere ez nuke erabakia aldatuko, amestutako agurra izango litzateke. Denok ditugu gure ametsak eta nirea Binakako txapelketa on bat eginda agur esatea da; txapelarekin bada, hobeto. Agurraren arrazoiak eman nituen, nire ibilbidea luzea izan da eta pribilegio bat da nik erabakitakoan eta %100ean nagoela uztea».

Helburu hori lortzeko, funtsezkoa litzateke bihar garaipena eskuratzea «Irribarria-Rezusta bikotea kenduta, gainontzeko bikote guztiak aurkari zuzenak baikara. Bi bikoteentzat partida oso garrantzitsua da Labritekoa».

Aimar, osatuta

Dagoeneko agortu dira biharko sarrera guztiak eta, aurreko astean Sorian huts egin ostean, Aimar Olaizola txapelketara itzuliko da, sukarra atzean utzita.

«Gaur da kirol pixka bat egingo dudan lehen aldia, askoz hobeto nago, baina normala den bezala, ohean sukarrarekin lau egun eman ostean, gorputzak antzematen du, ez duzu behar bezala jaten eta kiloren bat ere galduko nuen, baina ez da halakorik gertatzen zaidan lehen aldia eta larunbaterako ondo egotea espero dut».

Materialarekin, ez Asegarcekoek ez Aspekoek ez zuten kexarik izan.

 

Lehen itzuli borobilaren bila

Lehen itzuli borobila osatzea, eta bide batez, finalerdietarako txartela lehenbailehen bermatzea izango da Irribarria-Rezusta liderren asmoa gaur arratsean, Hendaiako Daniel Ugarte pilotalekuan, Bengoetxea VI.a-Larunberen aurka jokatuko duten partidan.

Xalak Aspe utzi zuenetik Ipar Euskal Herrian jokatutako partida kopuruak behera nabarmen egin duen arren, hendaiarrek eutsi egin diote euren zitari eta baldintza bereziak dituen pilotalekuak jokoaren nondik norakoak baldintza ditzake. Rezustak orain bi urte jokatu zuen bertan azkena eta, Retegi Bi lagun, 22-7 galdu zuten Martinez de Irujo eta Barriolaren aurka.

Oso lur bizikoa da Hendaiakoa eta bertan Bergarakoa ez da oso eroso moldatzen. Irribarriak lehen aldia izango du gaurkoa eta printzipioz Oinatz Bengoetxearen gustuko pilotalekua da. Lehen erasotzen duenak asko izango du irabazita eta Leitzakoa ausarta da. J.O.