GARA Euskal Herriko egunkaria
Emakumezkoen futbola

«Taldeak eta biok irtenbide berbera daukagu: lana»

Bartzelonaren ibilbidea altxatzeko eta entrenatzailearen planetara bueltatzeko ilusioa du Ane Bergarak.


Ez da Ane Bergara orrialde hauetan agertzen den lehen aldia. Hizketaldiaren tonua, ordea, ez da betikoa, ez baita ohikoa beratarra zelaitik kanpo ikustea, ezta bere taldea bigarren urtez jarraian txapelketa galtzeko zorian egotea ere.

Baina horrela etorri da denboraldia. Atzelari nafarraren orkatilaren berri txarrekin hasi eta Atleticoren aireratzearekin jarraitu duena. Egoera «arraroa», onartzen du Bergarak, baina biak ala biak errezeta berberarekin sendatu daitezkeenak. «Taldeak eta biok irtenbide berbera daukagu: lana».

Berari dagokionez, denboraldia «zaila» egiten ari zaiola onartzen du jokalari nafarrak. Eta ulergarria da; izan ere, iaz Liga partida guztiak jokatu ondoren, aurten norgehiagoka bakarrarekin konformatu behar izan da. «Abendutik alta daukat, baina orain ez naiz sartzen entrenatzailearen planetan. Eta argi dago egoera ez dela ez erraza eta ez gustukoa. Baina Bartzelonara etorri nintzenean banekien minutuak bereziki garestiak zirela talde honetan, sekulako jokalariak baitaude taldean», azaldu du. Nolanahi ere, titulartasuna berreskuratzeko «bide bakarra» zein den ondo daki: «Eta horretan ahalegintzen naiz, beti egin dudan bezala. Lan, lan eta lan. Eta hala ere ez badut jokatzen, behintzat entrenamenduetan, horrelako taldekideekin, asko ikasiko dut. Eta etorriko dira garai hobeak. Denboraldia oraindik luzea da».

Errezeta berbera aplikatzen dio taldeari, «oraindik ere puntu asko daude lehian» gogora ekarriz. Aurkariek baino puntu gehiago lortzeko –lau puntuko aldea dauka Atleticok gaur egun–, «orain arte bezala jarraitu behar dugu, nire ustez oso lan ona egiten baitugu. Baina egia da erregulartasun puntu bat faltatzen ari zaigula, gehiago kostatzen ari zaigula lan hori asteburuko partidan islatzea. Baina lanari eutsi behar diogu beti, behintzat denboraldia amaitzen denean lasai eta harro amaitzeko, daukagun dena eman dugulako sentsazioarekin».

Iaz ez zen nahikoa izan Bartzelonarentzat, Athletic zertxobait hobea izan baitzen. Eta aurten berriro ere gauza bera gerta daiteke, Atleticorekin. Txapelketa lortu ala ez, bi denboraldi hauetako esperientziak «irabaztea zein zaila den» erakuts dezakeela uste du, aurretik ospatutako lorpenei «meritu gehiago emanez».

Bergarak itxaropena dauka, halere, trofeoa Bartzelonan bueltan ikusteko, «denbora, ilusioa eta ahalmena» egon badaude-eta. Baina horretarako argi dauka ezin dutela «hutsik egin, borroka oso estu dagoelako». Ibilbide perfektua gauzatzea zaila da, ordea, «maila urtetik urtera igotzen delako eta ez dagoelako erlaxatzeko moduko aurkaririk». Adibidez, Bartzelonak larunbatean bisitatuko duen Realak berak oso bolada ona harrapatu du. Partida «berezia» izango da Bergararentzat eta, batez ere, «zaila, denboraldi arraroa egiten ari baitira, nire ustez batez ere asko kostatzen ari zaielako golak sartzea. Baina oso gutxi jasotzen dituzte, eta segurtasun defentsibo horrek lanak emango dizkigu. Gainera une onean daude... ahalegin handia egin beharko dugu».