GARA Euskal Herriko egunkaria

Turkiako sistema aldaketari buruzko erreferenduma, apirilean

Recep Tayyip Erdogan Turkiako agintariak atzo sinatu zuen presidente karguaren agintea handitzea helburu duen sistema aldaketari buruzko erreferenduma apirilaren 16an egitea proposatzen duen testua. «Jainkoak nahi badu, apirilaren 16ko gauean Turkia aro berri batean sartuko da», adierazi zuen Numan Kurtulmus lehen ministroordeak telebista kameren aurrean. Turkiako Parlamentuak dagoeneko onartuta dauka aipatu sistema aldaketa.


«Sistema honek eskuburdinak jarri dizkigu. Apirilaren 16an apurtuko al ditugu eskuburdin horiek?», esan zuen Erdogan presidenteak Aksaray hirian gas instalazioak inauguratzeko egindako ekitaldian.

«Gaur, hona iritsi bezain pronto, proposamena sinatu dut eta orain hasten da prozesua. Jainkoak nahi badu, gure nazio maitea hauteslekuetara joango da apirilaren 16an», erantsi zuen agintariak.

Gobernuko goi kargu batzuek dagoeneko aurreratuta zuten erreferenduma egiteko egunik aproposena apirilaren 16a izango zela, nahiz eta Hauteskunde Batzorde Gorenak oraindik ez duen eman bere erabakiaren berri. Parlamentuak urtarrilaren 20an eman zion argi berdea proposamenari, AKP Erdoganen alderdi islamistak eta eskuin-muturreko MHP-k baiezko botoa eman baitzuten, araudiak eskatzen dituen Parlamentuko eserlekuen hiru bostenetara iristeko. CHP alderdiko kemalistek eta ezkerreko eta kurduen aldeko HDP-k aurkako botoa eman zuten.

Beraz, Erdoganek nahi duena betez gero, apirilaren 16az geroztik egungo sistema parlamentarioa alde batera utzi eta sistema presidentziala izango du Turkiak. Hortik aurrera, presidenteak ministroak izendatzeko eta kargutik kentzeko, dekretuak aldarrikatzeko eta larrialdi egoera ezartzeko ahalmena izango du. Lehen ministro kargua desagertu egingo da eta horren ordez Gobernuak zenbait presidenteorde izango ditu.

Erdoganek esaten du sistema aldaketa ezinbestekoa dela Turkiaren egonkortasun politikoa bermatzeko, kurduen aurkako gatazka berriz odoletan dagoenean eta ISIS talde armatu jihadistak ere eraso ikaragarriak egiten dituenean. Gainera, herrialdeak jasaten dituen arazo ekonomikoek ere ezegonkortasuna eragin dezakete.

Teorian, sistema aldaketari esker Erdoganek 2029ra arte agintean jarraitzeko aukera izango du. Horixe da sistema aldaketaren aurkakoek aipatzen duten argudioetako bat. Eransten dute presidenteak izaera autoritarioa indartu duela, batez ere iazko uztailean egin zen estatu-kolpe ahaleginaz geroztik. Aitzakia hori baliatuz, sekulako garbiketa egin dute AKPko islamistek herrialdean, milaka lagun espetxeratu edo lanik gabe utziz.

Gaiari buruzko eztabaida oso sutsua izan zen Parlamentuan. Diputatu bati sudurra hautsi zioten eta mugikortasun urriko beste bat lurrera bota zuten.

Erdogan logra que prohíban parte de un poema crítico

Un tribunal alemán ha mantenido la resolución que prohibía algunas partes del poema satírico escrito por el cómico alemán Jan Boehmermann en el que se burlaba del presidente Erdogan, un caso que causó disputas diplomáticas entre Alemania y Turquía.

El tribunal de Hamburgo mantiene la resolución dictada en mayo de 2016 por la que prohibía partes del poema en las que Boehmermann insinuaba que Erdogan practica sexo con animales y ve pornografía infantil, algo que provocó la ira del presidente. Los argumentos legales se centraron en el derecho a la libertad artística y en los derechos personales de Erdogan. En su resolución de mayo de 2016, el tribunal describió 18 de los 24 versos como «abusivos y difamatorios» y los prohibió. «El tribunal piensa que la libertad artística es incondicional, pero tiene límites», indicó ayer en su sentencia. «La sátira, que se encuentra bajo la libertad artística, podría prohibirse cuando afecta a la libertad personal».GARA