Haritz LARRAÑAGA
URRUÑA

Laborariek lurra «prezio onartezinean» saltzen dela salatu dute

Estatu frantseseko higiezinen agentziak laborantza lurrak prezio altuegian saltzen dituela salatu zuten atzo, ELB eta Lurzaindiako kideek Kanbon egin zuten elkarretaratzean. Nekazarien aburuz, «laborantzak sortzen duen balioaren heineko prezioa izan behar du lurrak».

Frances Domaines higiezinen agentziak hektarea bakoitzeko 43.500 euroko prezioan jarri du salgai Kanbo inguruko lur sail bat. Laborarien ustez, ordea, salneurria «gehiegizkoa da», eta Estatuko agentziak «honela jokatzen duen lehen aldia ez» dela oroitarazi zuten.

«Laborantza lurrekin ematen den espekulazioaren» beste adibide bat da, nekazarien iritziz, eta horri aurre egiteko «erosteko lehentasun eskubidea» zuzen aplikatzeak duen garrantzia azpimarratu zuten.

Hain zuzen ere, printzipio horren arabera jarduten duen Safer erakundeak Kanboko lurren balioespena egin zuenean hektarea bakoitzeko 16.000 euroko tasazioa egin zuen. Domainesek ezarritako salneurria baino hiru bider merkeagoa, alegia.

Datu horiek esku artean, «Safer prezioen gorakada zaintzeko baino, gorakada legitimatzeko tresna» dela salatu zuten ELB eta Lurzaindiako kideek.

Baieztapen hori frogatzeko, Bidarrai, Larresoro eta Donamartirin jazotako adibideak erabili zituzten, jarduteko modua beti berbera dela erakutsiz. Izan ere, kasu guztietan patroi bera errepikatzen da, hots, Safer-ek prezio bat proposatzen du, eta azkenean, Domainesek salneurri garestiagoa ezartzen du.

Biltzeko asmorik ez

Baserritarrek France Domaineseko buruzagiekin bilkura bat eskatu dute, lurrak balioesteko erabiltzen diren irizpideak zeintzuk diren argitu dezaten, baina «erantzuna beti ezezkoa izan da. Urteak dira ez dutela bilkuretan parte hartzen».

«Laborarientzat lurra lan tresna da, ez da dirua xahutzeko bidea», eta logika horren arabera, «lurrak izan behar duen prezioa laborantzak sortzen duen adinakoa izan behar» dela aldarrikatu zuten Kanbon bildutako lagunek.

Ez da gauza bera, esaterako, etxeak egingo diren lur sail bat edo laborantza lur bat tasatzea. Horregatik, «halako prezio altuetara iristeko, kontuan zein salmenta mota hartzen den», galdegin zuten baserritarrek.

Administrazioaren inplikazioa

Jada «lurrak zaintzeko borroka aski gogorra» bada, gainera «izate publikoko egiturek traba gehiago» jartzeak «egoera jasanezina» bilakatzen duela kexatu ziren nekazariak, eta horrek zuzenean «herriarentzat beharrezkoa den sektore ekonomiko bat baldintzatzen» duela ohartarazi zuten.

Ondorioz, laborari sindikatu eta elkarteek beharrezkoa ikusten dute espekulazioari aurre egiteko «hautetsiak problematika honetaz jabetu eta administrazioari presio egitea»,

Zentzu horretan, eragile guztiak bilduko dituen mahai inguru bat egitea proposatzen dute: «Laborantzako egiturak, Safer, Domaines, elkargo publikoak... helburua da denei esatea lurraren zaintzea beharrezkoa dela».