Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Giorgio

Zergatik idazten dituzu kantuak, galdetuta, erantzunak asko izan daitezke, baina ziurrenik barnetik sortzen zaigun “behar” moduko bat aipatuko genuke gehienok. Sekula asebetetzen ez den gosearen moduko zerbait. Inoiz sendatzen ez den gaixotasuna. Sorkuntzara kondenatutakook molde guztietan aritzen gara oinarrizko zirrara hori asetzen saiatzeko. Ez dago formula magikorik, askotariko bideak baino, eta guztien artean Giorgiorena iruditzen zait miresgarriena.

Beti arrantzan dabilen behatzailea bezala irudikatzen dut, adi, txinparta bila, barruan kanturen bat esnatuko dion irudi, testu, isilaldi, gertakizunen baten harrapaketan. Kalean, gauez, otordu artean, ia bakarrik, ezezagunen artean. Zirrara da detonatzailea, eta behin sentitutakoan, zertarako itxaron? Giorgiok ordu gutxi batzuk baino ez ditu behar hasierako irudi lauso hori kantu bihurtzeko. Ados nago berarekin, eskarmentuari, planifikazioari, elaborazioari, ahalik eta garrantzi gutxien eman behar zaio, horrek sormena galgatu egiten du. Hasierako dirdira ito egiten du. Kontua da, ez dela erraza, neu, behintzat, ez naiz gai. Horregatik, miresten dut Giorgioren kantuak idazteko modua.

Hori gutxi balitz bezala, kantua egin, eta buelta gehiegi eman baino lehen, Youtubera igo eta denen eskura jartzen du, duela hiru orduko txinparta hori gela-kantu bihurtuta. Intimo, txiki baina indartsu. Ez dezan lotsak edo beldurrak sormena ito. Bikain Giorgio, nire pop-heroia zara.