2017 MAR. 18 poesía Guztion isla Iker ZALDUA Sei urteren buruan Edu Zelaietak poesia plazaratu du. Pamielak argitaratutako “Ispilu biluziak” liburuan poesia narratiboa ekarri du, hiru zatitan, berariaz, nabarmen banatuta, Zu, hura eta ni. Atarikoan, baina, abisu ematen digu, “Ni biluzietan, zu biluzten zara. Eta hura”. Alegia, nireak zugan eta harengan du eragina, zureak nigan eta harengan eta harenak nigan eta zugan. Finean, guztioi eragiten diguten jazoerak, egoerak, istorioak narratzen ditu poesia askean. “Beldurrak ez du barkatzen” izeneko alea da horren adibidea: “Beldurrak ez du barkatzen, adiskide. Kosk, hozka eta ausiki egiten dizu, bere nabala zorrotza sartu, zirrikiturik kausitzen badu”. Kasu horretan zuri ari zaizu, berak badakielako nik dakidan bezala. Esperientzia hori guztiok nozitu dugu, horregatik egiten zaigu horren ulerkor liburua, nahiz eta ale zenbait hertsi samarrak izan, barnetik ateratzen den orok bere baitan gordetzen baitu ezaugarri berezko eta bakan hori. Hala ere, ez nuke esango poesia hertsia denik berea; aldarrikatzailea zenbaitetan eta, oro har, iritzi-emailea dela esango nuke gehiago: “Neurrian gustatzen zaizkit egiak; eztarriak ongi samar irensten dutenak, paperean gatz-piper puntu egokia dutenak, gazia eta gozoa dotore uztartzen dakitenak”. Poesia bakoitza Zelaietaren isla bat da, kasu honetan, gainera, ispilua aurrez aurre ipintzen du lotsagabe, isla horren erreparorik gabe, mihia aske. Estiloari dagokionez, aipatu bezala, poesia narratiboa da, bizia, freskoa. Ez ditugu ale luzeegi eta korapilatsuegiak topatuko, ez dugu hiztegi-jokorik aurkituko, testua erraz irakurriko dugu, ulertzeko berrirakurtzea gomendatzen den arren. Finean, atseginez irakurtzeko moduko liburua poesia maite dutenentzat, baita poesiarekiko lotsati agertzen direnentzat ere.