Andoni ARABAOLAZA
PIRINIOAK

«Calima Glaciar» bidea, Alanomendilerroko proposamen berria

Otsailaren 23an, Mikel Zabalza eta Iker Madoz iruindarrek Zurizako mendiko ipar isurian 400 metroko eta MD+ zailtasuneko marra zabaltzeko aukera izan zuten. Protagonistak gustura daude eginiko lanarekin; izan ere, aurkituzituzten baldintzak ez ziren batere egokiak izan.

Negua amaitu zela pare bat aste igaro dira. Urtaro hori, beraz, bukatu da, baina, agian, negu giroko jarduerak ez dira oraindik amaitu. Nork daki. Nolabait neguko jardueren zirkulua ixteko, Pirinioetan bederen, Mikel Zabalzak eta Iker Madozek aurkeztutako azken proposamena lerrootara ekarriko dugu.

Sokada iruindarra etxetik gertu ibili da, Zurizako mendietan. Bada, joan den otsailean, 23an hain zuzen ere, Ralla de Alano mendia helburu hartu zuten. Eta haren ipar aurpegian aukera izan zuten bide berri bat zabaltzeko. “Calima Glaciar” du izena, 400 metro luze da eta MD+ zailtasuna du. Krokisean ikusten den bezala, bi pirineista hauek sei luze eskalatu zituzten. Zati batzuk izotzean (gehienez 85º) eta mistoko tarte batzuei ere aurre eginez (gehienez M5).

Nahiz eta azkenean “Calima Glaciar” bidea ireki zuten, aurreratu behar dugu Zabalza eta Madozek beste xede bat zutela buruan: «Argi eta garbi geneukan Alano mendilerroko ipar horma xede genuela, baina aurtengo baldintzek beste norabide bat hartzera behartu gintuzten. Azkenean, ’Calima Gaciar’ zabaldu dugu; ez da zailegia baina erraza ere ez. Emaitzaren ziurgabetasuna hor zegoen, dosi horrekin jardun genuen, eta, bederen, egun polita pasatu genuen».

Zalantza horiek tarteko, Madozek aurreratu digu eskalatu zuten marra nahiko agerikoa dela: «Gutxi gorabehera erraza zirudien bide bat ikusi eta eguna bertan igarotzea erabaki genuen. Segituan ohartu ginen genituen udako baldintzekin ezer gutxi egiteko aukera izango genuela. Batez ere, bide gogorren bat eskalatu ahal izateko. Mikelek esan zidanez, igo genuen marra horretatik ziur aski aurretik inor pasa ez izana zen litekeena. Eta, jakina, xede horretan buru belarri sartu ginen biok».

Ez da harritzekoa, beraz, alpinista nafarrok eginiko proposamen berriari “Calima Glaciar” izena jartzea: «Bai, onartzen dugu eguraldiak gure lehendabiziko xedea baldintzatu zuela. Bero gehiegi egiten zuen igo nahi genuen tokitik eskalatzeko. Eta horregatik guztiagatik beste bide batean sartzea otu zitzaigun azkenean. Besteak beste, aukeratutako marra hori errazagoa iruditzen zitzaigulako. Gainera, egin nahi genuen bide horrek izotz gutxi zeukan. Horrela bada, helburu hori beste denboraldi baterako uztea erabaki genuen azkenean».

Misto politak

Nahiz eta pareta nahiko lehor ikusi, sokada iruindarra zer edo zer egitera animatu zen, haien ustez merezi zuelako: «Hasierako zatian elur biguna zegoen, eta tximinian deus ere ez. Nahiago genuen lehor izatea zegoen elur biguna izatea baino. Dena den, arrokazko hiru luze baino ez genituen eskalatu; gainontzean, elurra eta izotz pixka bat aurkitu genituen. Izotzari dagokionez, oso gutxi egoteaz gain, heze-heze zegoen. Hala ere, eskalatzeko aukera ematen zuen». Elur biguna, izotz hezea... eta mistoak? Bada, Madozek onartu digunez, ez ziren batere deserosoak izan: «Mistoko tarteei dagokienez, esan dezaket politak direla. Nahiko ondo eskalatzen ziren; beraz, hitz batean esateko, mistoko zati horietan disfrutatu egin genuen. Arrokaren kalitatea, bestalde, ez zen paregabea, baina kontu pixka batekin ondo eskalatzen zen. Mendiko ohiko arroka zen».

Eskaladan zehar aurkitu zituzten baldintzak ikusita, nafarrek “Calima Glaciar” bide berriari MD+ zailtasuna jarri diote: «Elur eta izotz gehiagorekin, klasika bat bihur daiteke. Ageriko marra bat da, eta arrokazko sekzioetan eskalatzeko zein aseguratzeko artesi eta helduleku onak ditu. Ez du zailtasun tekniko handirik; pausotxoren bat edo beste badu, baina ondo egiten dira. Toki eder batean amaitzen da, anfiteatro moduko leku batean. Eskalatzeko intentzioarekin joan ginen, eta, dirudienez, toki berri batetik igotzen bukatu genuen azkenean».