GARA Euskal Herriko egunkaria

Bidaiatuz


Saemundur Sigfússon Erdi Aroko idazle eta apaiz islandiarra izan zen. Baina baita islandiar folkloreko pertsonaia ere, Saemundur Jakintsua bezala ezagutua. Istorio batek kontatzen du Eskola Beltzera joan zela ikastera beste bi islandiarrekin batera. Eskola hori Deabruarena omen zen eta Pariseko Sorbonan omen zegoen. Ikasketak amaitutakoan, Deabrua eskolatik irteten zen azkenarekin geratuko zela zen tratua. Orduan, beste biei aurretik joateko esanez, Saemundur bera azkena geratu zen, baina trikimailu bat prestatuz Deabrua engainatu eta irtetea lortu zuen. Tamalez Deabruak bere itzala hartu zuen, eta, ordutik, esaten dute, Saemundur itzalik gabe zebilela. Istorio bitxia, baina harrigarria bihurtzen da Axularrena jakinez gero. Axular XVII. mendeko euskal idazlea eta apaiza zen, ezaguna bere jakinduriagatik. Gure folklorean ere badu presentzia  ipuinetan. Horietako batek kontatzen du Salamancan zegoen Deabruaren Eskolara joan zela beste bi lagunekin. Ipuina ia hitzez hitz bat dator islandiarrarekin. Harrigarria da hain urruti dauden bi lurraldeotan nola agertzen den istorio berbera. Non sortu ote zen? Nola bidaiatu zuen istorioak alde batetik bestera? Nork eraman zuen? Handik ona edo hemendik hara bidaiatu zuen?

Egun, bidaiatzea ia ezinbestekoa bihurtu zaigun jendarte honetako partaideok, geure buruari galdetu beharko genioke zer eramaten dugun bidaietan, zer ekartzen dugun. Turismoaren masifikazio honetan, hitzak baino, ez ote ditugu txanponak besterik eramaten?