GARA
DONOSTIA

Karla Tobarrek eta Nagore Legarretak egonaldia egingo dute Wroclaw-n

Laugarren urtez jarraian Poloniako Wroclaw hirian egonaldi artistikoak egingo dituzte bi euskal artistak. Orain arte Donostia 2016 Fundazioak Etxepare Euskal Institutuarekin eta beste eragile batzuekin elkarlanean landutako “Joan-etorriak” programaren baitan gauzatzen ziren egonaldi horiei jarraipena emango die Etxeparek.

Aurtengo edizioan guztira hamabost izan dira aurkeztu diren proiektuak eta horietatik Karla Tobarrena eta Nagore Legarretarena izan dira hautatuak. Lehenak espazio publikoaren eta arkitekturaren ikuspuntu alternatiboa erakutsiko duen ekintza artistikoa burutuko du; bigarrenak, Wroclawko Odra ibaiari ikusteko gaitasuna emango dio, kamera estenopeikoak (pinhole kamerak) erabiliz.

Halaber, egonaldiaren barruan, hautatutako artistek hitzaldi bat emango dute eta egonaldiaren emaitzen aurkezpena egingo dute irailaren 20tik 22ra Wroclawn egingo den “City and Culture” izeneko nazioarteko biltzarrean.

Egonaldia uztailaren 31tik irailaren 24ra burutuko dute. Horretarako, artista bakoitzak 2.000 euroko ordainsari garbia jasoko du eta proiektua aurrera ateratzeko produkzio, promozio eta komunikazio babesa jasoko du antolakuntzatik. Hegaldiak eta ostatua ere ordainduko dizkiete.