Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Ondare kulturalaren babes falta utzi du agerian «Gutunak»-ek

EHUren Udako Ikastaroetan ondare kulturalari eskainitako jardunaldiak aitzakia hartuta ezagutarazi du Estefania Beltran de Heredia Lakuako Segurtasun sailburuak «Gutunak» operazioa: 2007 eta 2011 artean bildumazale batek «milaka» dokumentu aurrefilateliko ebatsi zituen Euskal Herriko zein Estatu espainoleko artxibategi publiko eta pribatuetatik.

Ondare kultural eta historikoaren zati diren aldetik, balio handikoak diren hainbat dokumentu garrantzitsuren gordailu bilakatzen dira artxibategiak. Eta, atzo Estefania Beltran de Heredia Lakuako Segurtasun sailburuak egindako agerraldiaren ostean, beste behin ere agerian geratu da ondare kulturalaren babesa instituzioetatik ematen zaion balioaren araberakoa izan dadin bide luzea dagoela egiteko, baita dokumentuen alorrean ere.

Donostiako Miramar jauregian burutzen ari diren EHUren Udako Ikastaroen barnean egiten den ondarearen gaineko jardunaldi batzuen baitan eman zuen sailburuak Ertzaintzak 2011. urtean abiatu eta egun oraindik indarrean den “Gutunak” operazioaren berri. Azaldu zutenez, urte horretan Bergarako artxibategitik zenbait dokumentu falta zirela igarri eta Ertzain-etxean salaketa ezarri zuen Bergarako Udalak. Arantzazu Oregi artxibozainaren laguntzaz –bera izan zen irregulartasuna antzeman zuena– gizonezko bat atxilotu zuen, azaldu zuenez, bere burua ikertzaile eta dokumentu aurrefilatelikoen zale gisa aurkeztuz artxiboa maiz bisitatzen zuena.

Ikerketak agerian utzi zuen gizon hura ikertzaile baino bildumazalea zela eta, 2007. urtetik hasita, milaka dokumentu ebatsi zituela Hego Euskal Herriko zein Estatu espainoleko hainbat artxibategitatik. Hala, ikerketa zabaldu eta Polizia Nazional espainola, Guardia Zibila, Mossos d’Esquadra eta Nafarroako Foru Polizia ere batu ziren ikerketara.

Ertzaintzaren Ondarearen aurkako Delituen arlotik, Koldo Olabarrietak eta Iñaki Salgadok azaldu zuten denera bi mila dokumentu berreskuratu dituztela, baina ez ziren ebatsitako kopurua zehazteko gai izan. «Milaka» izan daitezkeela aipatu zuten. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datuei dagokienez –ez zuten Nafarroakorik helarazi–, ikerketak zehaztu du 808 dokumentu ebatsi zirela –gehienak, 554, Irargi EAEko Dokumentu Ondarearen Zentrotik– eta horietatik 652 berreskuratzeke daude. Hitza hartuta, Bergarako alkate Elena Letek zehaztu zuen euren Udal Artxibategitik 238 dokumentu ebatsi zirela eta horietatik 36 soilik berreskuratu dituztela eta, bere aldetik, Lakuako Kultura Ondarearen zuzendari Imanol Agote izan zen dokumentu hauen garrantzia balioan jartzearen arduraduna.

Eskutitz aurrefilatelikoak

Bildumazaleak ebatsitako dokumentuak eskutitz aurrefilatelikoak dira, hau da, XIX. mendean zigiluak sortu aurretik komunikazio sistema gisa erabiltzen ziren gutunak. «Balio historiko, linguistiko eta ekonomiko garrantzitsua duten dokumentuak dira», nabarmendu zuen Agotek. Ebatsitako eskutitzen jatorria 1604. eta 1895. urteen artean kokatu zuten ikertzaileek eta euren balioa ondare kultural diren aldetik «kalkulaezina» dela azaldu zuten. Ekonomikoki izan dezaketen balioa ez zuten zehaztu, baina aurkezpenean banatu zuten prentsa-oharrean nabarmendu zuten horietako batzuek 400 euroan saldu ahalko liratekeela bildumazaleen merkatuan. Gaineratu zuten berreskuratutako garrantzitsuenen artean leudekeela Felipe III.aren eta IV.aren hainbat gutun.

Kazetariek dokumentuak bereganatu zituen gizonagatik galdetuta, Ertzaintzako ordezkariek esan zuten «epaitegietako bidea amaitua» dela baina ez dutela ezarritako zigorraren berri izan. Hala ere, bildumazaleari ebasketa delitua leporatu zitzaiola eta horrek urtebete eta hiru urte arteko kartzela zigorra ezartzeko aukera ematen duela zehaztu zuten, bestelako argibiderik eman gabe.

Bergarako artxibozaina izan zen, publiko artetik hitza hartuta, arazoaren muinera jo eta artxiboen digitalizazioaren beharra azpimarratu zuena: «Artxibategiak zerbitzu publikoak dira eta edonor sar daiteke jatorrizko dokumentuak begiratzera. Artxibategi gehienak digitalizazio osotik urrun daude oraindik eta, hura osatzen den artean, segurtasun neurriak hartu beharko lirateke artxibategietan. Gertatu den honetaz ikasi egin beharko genuke», esan zuen Oregik.