Ion TELLERIA

HAUTESLEKUEN DEFENTSA, BOTOA EMATEKO AZKEN URRATSA

Kataluniako Gobernuak deitu duen erreferenduma egin dadin ezinbesteko azken lana herritar boluntarioen esku geratu da. 60.000tik gora lagunek eman dute izena hauteslekuak babesteko. Atzo arratsaldetik 2.000tik gora eraikin babesteko lanean ari dira.

Hezkuntza sailburuaren eta Gai Sozialenaren eskuetan dira arlo bakoitzaren menpekoak diren egoitza guztiak atzotik, igandean hautesleku izango diren eraikinetako arduradunengan inolako legezko ondoriorik izan ez dadin. Botoa eman ahal izateko ezinbesteko azken lana, ordea, herritarrek hartu dute euren gain: igandean, goizeko bederatzietan, hauteslekuak irekita izatea.

Atzo arratsaldetik hautesleku hauetako bakoitzaren inguruan dozenaka herritar biltzen hasi ziren. Metro gutxiko tartean, hautesleku adina istorio. Poliziak itxitakoak, herritarrek hartutakoak eta adostuta herritarrek hartu beharrik gabekoak.

Mossoen lehen esku hartzea Raval auzoan izan zen, hainbat herritar Collaso i Gil ikastetxean batu zen. Zuzendariak hala eskatuta, institutuko ateak itxi zituzten polizia katalanek. Ixten ari zirela, ordea, hainbat herritar barrura sartu zen eta langa itxi arren ikastetxea auzokideen eskuetan geratu zen. Barruan dozena pare bat lagun, eta kanpoan beste dozenaka batzuk hauek laguntzeko asmoz. Langaren barruko aldetik geratu zen herritar batek azaldu zuen euren helburua: «Hemengo bizilagunak gara eta igandean botoa eman nahi dugun lekua babesten ari gara». Oraingoz atea itxita, baina «igandean hautesleku hau irekita egongo da», iragarri zuen.

Etenik gabeko mezu eta alerta unea izan zen iluntzea. Bartzelonan sare sozialen bidez bata bestearen atzetik iristen baitziren alertak, bereziki hauteslekua irekita mantentzeko jendea behar zela iragarriz. Ravaleko eskolatik 500 metrora abisua, Miquel Tarradell ikastetxean jendea behar zelako. Bertan, dozena pare bat gazte prest iluntzean institutuak lanak amaitzean barrura sartu eta igandera arte hauteslekua irekita mantentzeko.

Ondoko kalean, Carrera izenekoan, arazorik gabe ikastetxea babestea lortu dutenen kasua. «Auzoko jendea antolatu egin gara, badaezpada, ziurtatzeko igandean ikastetxea irekita egongo dela», Marina auzokidearen hitzetan. Eguerditik zen bertan dezenteko taldea, tartean Lorenzo: «13.00etan etorri gara gazteenek eskola utzi aurretik». Aurrez landua zuten harremana, eta «teorian igandean hauteslekuak irekiko dituzte»; halere, ez ziren erabat fido, eta «egin duguna da ziurtatu ez dela ixten», dio Silviak.

Sants auzoan hogeita hamar bat lagun bildu ziren iluntzean ikastetxe baten bueltan, zuzendariak itxi egingo zuen beldurrez. Hiruk berarekin hitz egin ostean, ebazpena: «Dena konponduta, igandean irekita egongo da ikastetxea».

Bartzelonatik kanpo ere hainbat herritan ikastetxeen zaintza herritarren esku dago dagoeneko. Manresan, adibidez, Serra i Hunter ikastetxe publikoan guraso eta ikastetxeko langileek kanpin dendekin hartu dute igandean hautesleku izatea nahi dutena. Oloten, ikasleek hartu zuten ekimena eta gaua bertan pasatzekoak ziren.

Larunbata ekimenez beteriko eguna izango da hautesleku hauetako askotan. Jaiak antolatu dituzte, hitzaldiak, eskulanak, haur jolasak, musika emankizunak... Festa nagusituko da «demokraziaren festa handia» iritsi artean.

«R eguna»

Botoa eman ahal izateko azken urratsa da hauteslekuak defendatzea, igandean hautetsontziak eta botoak protagonista izan daitezen babes herritarra antolatzea. Igandean, ‘R eguna’. Hala izendatu dute ‘Escolas obertas’ ekimenekoek. 60.000 herritarrek eman dute izena hauteslekuen defentsan parte hartzeko eta hitzordu nagusia igandean goizean goiz hasiko da.

Lehena, 7.00etan. Ordu eta erdira iritsiko da hautesleku bakoitzera botoa eman ahal izateko beharrezkoa den material guztia dakarren taldea. 8.45ean mahaietako lehendakari eta ordezkaririk ez bada ilarako lehenek hartuko dute lan hori.

Aurreikusitakoak betetzeko gai badira igandeko goizeko bederatzietan katalanak botoa ematen ariko dira eurek babestu dituzten hauteslekuetan. Hortik aurrera, helburua, botoa normaltasunez eman (votarem), eta normaltasunez irabaztea (guanyarem).