GARA Euskal Herriko egunkaria
Harri-jasotzea

Gainerako kirolariek ez diote Izetari bere agurrean hutsik egingo


Izeta II.ak bere aizkolari ibilbideari agur esateko saioa izango du gaur, 18.00etatik aurrera Zarauzko Ariztbatalde pilotalekuan. Aiarrak bere azkeneko ekinaldia egin eta erretiroa hartuko du, baina gaurkoan ere lan handia eginez utzi nahi du harri-jasotzea.

Izetak, 100 kiloko kubikoa bi eskuekin eta beste horrenbeste pisatzen duen zilindroa esku bakarrarekin jasoko ditu. Harri bakoitzari 50 jasoaldi eman nahi dizkio, hori da bere buruari jarri dion erronka. Denbora mugarik ez du izango marka egiteko.

Gaur arratsaldeko ekitaldiak hiru zati nagusi izango ditu; garrantzitsuena bigarrena izango da, orduan plazaratuko baita Izeta II.a bere marka egitera. Txanda bakar batean 10.000 kilo bizkarreratzeko asmoa dauka.

Baina gaurko eguna oso berezia izango da Izetarentzat, marka saiakera eta bere agurra, biak, uztartuko baitira. Ondorioz, harri-jasotzaile ugari batuko dira bertan.

20 harri-jasotzaileren parte-hartzea ziurtatuta dago gaurko saioan eta honako hauek izango dira: Mikel Lopetegi, Iñigo Eizagirre, Xabat Olaizola, Xabier Peñagarikano, Jagoba Otaegi, Izeta I.a, Izeta III.a, Izeta IV.a, Imanol Illarramendi, Aimar Galarraga, Jokin Eizmendi, Urtzi Telleria, Josetxo Urrutia, Aimar Irigoien, Zelai, Jon Gisasola, Inhar Urruzuno, Idoia Etxeberria, Estitxu Almandoz, eta Karmele Gisasola. Horietaz gain, gaztetxoak ere jardungo dira, Izetaren eskolan dabiltzanak.

Horiez guztiez gain, aizkolariak ere izango dira. Mugertza I.ak eta Mugertza II.ak Arria V.aren eta eta Txapartegiren aurka jokatuko dute.  Saioa ikusteko sarrera doakoa izango da.