gara, donostia
Ilustratzailea

Igerian

gerian. Horrela ematen ditut egunak. Uretan sartu eta uretatik atera, ez baitut lortzen ur azpian denbora luzez egotea. Uretatik kanpoan nagoenean, urari begira, berriz sartzeko gogoz. Urpean nagoenean berriz, kronometroari kasurik egin gabe, zorionean murgilduta.

Nire burua da igerilekua. Ni naiz igerilekua bera. Horrela, guztiz zoratuta, nire buruan sartu eta nire burutik atera. Hau da nire lana, hau da nire bizitza bustia.

Ilustratzailea naiz eta, akaso, ikusi izanen nauzu noizbait egunkari baten-batean edo Instagramen jartzen ditudan argazki pollit-pollitetan. Liburu bat argitaratutakoan ere prentsaurrekoetara joaten naiz eta haur eta gaztetxoendako tailerrak ematen ditut maiz. Hainbat lehiaketatara aurkeztu izan naiz ere, lanbide honi hasierako bidea eman nahian. Batzuetan, irabazi eta saria eskuetan dudala argazkiak atera dizkidate. Esposizioa, hitz potoloak, harrotasuna. Hau da agian, nire izena noizbait entzun baduzu, nitaz dakizuna. Baina, ziur aski, ez duzu ezagutuko atzean dagoena: atzean ni nago, Maite, txandala jarrita eta zinta bat buruan. Etxean, sukalde ondoko 10 metro karratuko gelatxo honetan, neure buruarekin borrokan.

Buruarekin eta paperarekin. Ez paper txuriarekin, testuz jositako paperekin baizik. Batzuetan idazleak berak bidaltzen dizkit eta beste askotan editoreak deitzen nau.

- Aupa, Maite. Ongi harrapatzen zaitut? Lanpetuta? Zera, testu bat dugu, baina denboraz larri gabiltza. Hamabost egunetan ilustratuko zenuke?

- Testua lasai irakurri nahiko nuke.

Jakin badakit, denbora izan ala ez, testua gustuko badut lana egingo dudala. Nola eutsi istorio berri bati heltzeko zirrara, jakin-egarri eta beldurrari? Testua ia begiratu gabe inprimatzen dut, tarte bat aurkitu eta etxetik 7 minutura dagoen kafetegi moñoño batera noa. Edith Piaf, te pakistandarra eta kanela pastatxoa.

Piszina ertzean nago, bainujantzia jarrita, burua txanoarekin estututa, urari begira. Prest.

Arkatza eskuan dudala poliki-poliki banoa testua irakurtzen. Gustatzen zaizkidan hitzak borobiltzen. Testuaren zatiak marra batekin bereizten. Bat-batean hitzen artean irudi indartsu bat topatu dut.

Buruz behera salto egin eta ur azpian igerian nabil. Gozamena.

Orain testua beste modu batera irakurtzen jarraitzen dut, saiatzen ari naiz irudi gehiago arrantzatzen. Batzuetan erraz ikusten ditut, besteetan zaila egiten zait. Testua amaitzean etxera noa bueltan. Arin. Udako egun sargori batean erreka hotzean bainua hartu ondorengo freskurarekin.

- Bai, egingo dut.

Saiatzen naiz uretatik ateratzen. Lehen bihozkada horri kasu handirik egin gabe, neure buruari denbora ematen. Editorearen deia jaso aurretik esku artean nituen enkarguak amaitzen ditut orduan, egunetan garbitu gabeko platerak garbitzen, lagunekin kaña bat hartzen ala literaturarekin zerikusirik ez duen hitzaldi bat entzuten. Nire burutik ateratzen, berriz ere gogoz barrura salto egiteko.

Askotan, ur putzutik urrun nagoenean, hain zuzen, bustitzen zaizkit hankak. Yoga klasean nagoenean adibidez, ilunpean doinu tibetarrez inguraturik, buruz gora etzanda begiak itxita, savasanan. Eta tupustean, hor dago, buru erdian aurrez aurre niri begira, irudi berri bat. Arraioa, esteratik salto egin eta etxera korrika batean joan nahiko nuke. Baina hor jarraitzen dut, hilotz zurrun, nire burua estutuz irudiak ihes egin ez dezan. Azken om motz bat abestu eta abiadan noa etxera, oinkada bakoitzean ibai umela isuriz. Zorionez, lortu dut estudioko atea danbadaka ireki eta presaka koaderno gorrian irudia marraztea.

Beste batzuetan, ordea, koadernora iristen naizenerako buruan ez dago ezer, norbait egon den sentsazioa bakarrik. Gertatu zait ere lanerako prest egotea eta piszina hutsik aurkitzea. Arkatzak zorroztuta mahai gainean, paper zuri mordoa, Agnes Obelen musika barea, baina han ez dago igeri egiterik. Baditut irudi batzuk, badakit nola hasiko den liburua, baina bidean irudiak falta dira, ez dut aurkitzen liburu osoa josiko duen haria. Haria deitzen diot irudi guztiak lotzen dituen horri, kolore jolas horri, konposizioen garapen horri, pertsonaiak irudikatzeko modu horri... Itsaso handian igeri egiten laguntzen didan flotagailuari. Haria, nire lanaren helmugarik ederrena eta neketsuena.

Ai, baina topatzen dudanean, ur bihurtzen naiz, eta uretan blai marrazten ditut liburu osoko bozetoak. Badut eskema, badut jarraituko dudan itsasbidea. Irratia piztu eta burua itzali, margotzeko garaia da. Asko pentsatu gabe, modu mekanikoan nolabait, banan-banan ilustrazioak sortzen noa. Arkatzez marraztu, tintaz orbanak egin, guztia eskaneatu eta ordenagailuan irudiak muntatu. Barrena baretu zait eta pilotu automatikoa jarrita igeri egiten dut.

Ur zakarretan bizitzea aukeratu dut, egonkortasunik gabe, errutinarik gabe, lankiderik gabe. Bakarrik sentitzen naiz askotan, neure buruarekin bizitzeaz nazkaturik. Baina eskertzen dut ere, esnatu, azkar gosaldu eta lanera lasterka joan behar ez izatea. Ez dago bizitza perfekturik. Uretan buruz gora jarri, besoak zabaldu eta arnasaren erritmora igo eta jaisteak ematen dio zentzua nireari.