Amalur ARTOLA
GOGOETAREN PLAZA

MUSIKA DENDARA JOAN ETA POP, ROCK, JAZZ ETA... EUSKAL MUSIKA?

EUSKAL MUSIKA, GURE HERRIKO MUSIKA DENDETAN, GENERO BAT DA. HALA KATALOGATU DUGU. APALATEGI BEREAN, ELKARREN BIZILAGUN DIRA ALOS QUARTET, BELAKO ETA DOCTOR DESEO. ATIK ZRA. DENDAN JAZZ, PUNK EDO POP-ROCK TALDE BERRIEN MIRAN DABILENAK EZ DITU TOPATUKO. KATALOGOA IRAULI NAHIKO LUKETE MIXEL DUCAU ETA IZAROK.

Berrogeita bi urteko aldea dago Mixel Ducau eta Izaroren artean. Lau hamarkada. Ibilbide luzeko musikaria da lehena, Errobirekin rockaren bideak urratu eta Txomin Artola, Ruper Ordorika, Iñaki Eizmendi... eta beste hainbatekin aritu ostean egun Bidaia taldearekin folk musikan buru belarri sartuta dabilena. Bi belaunaldiko jauzia eginda, orain dela hiru urte “Om” lehen diskoa aurkeztu eta entzutea eskuratzen ari da Izaro. 25 urterekin, bigarren diskoa izango denaren prestaketa lanetan dabil mallabitarra. Atzo, Durangoko Gogoetaren Plazak batu zituen biak.

Aurrez aurre, bi musikariak bata bestearen ispiluan begiratzera gonbidatu zituen Antton Iturbe moderatzaileak. «Nik ez nituen garai haiek ezagutu, beraz, niretzat ‘normala’ hau da», esan zuen, zuhur, Izarok. Alde nabariena sare sozialetan eta musika hedatzeko eretan sumatzen duela aipatu zuen: «Autogestiorako aukera gehiago daude egun eta hori ona da, baina aldi berean konpetentzia gehiago dago. Eta egun errazagoa da munduko bazter guztietako musika jasotzea, baina, aldi berean, kaltegarria izan daiteke, berdintzeko joera hartzen badu».

Ducauren hastapen garaietan musika eta aldarrikapena elkarri eskutik helduta zebiltzala ere ekarri zuen gogora Izarok eta egun musikan estetikotasunari gehiago begiratzen zaiola iritzi zuen. Hitza hartuta, Ducauk Errobiko garaiak izan zituen gogoan: «Anje [Duhalde] ezagutu nuen eta banuen beste zerbait egiteko beharra, Euskal Herriarekiko eta euskararekiko. Garai bereziak bizi izan genituen, gauza asko zeuden egiteko, lehen rockeroak izan ginen eta iraultza txiki bat bizi izan genuen musikalki zein estetikoki. Bazen sukarra publikoan ere, eta oso pozik naiz garai hura bizi izan nuelako».

Euskara eta musika

Berrogei urte geroago, euskaraz abestea «normalizatua» dagoela-eta pozik agertu zen Ducau. Izarok, baina, derrigor euskararen militante izan beharraren zama sumatzen duela aitortu zuen: «Niri esan zait ez naizela euskaltzalea hiru hizkuntzatan abesten dudalako. Baina nik euskararekiko dudan konpromisoa beste era batera daramat. Ni euskaraz bizi naiz, aita erdalduna dut eta musika ingelesez ere entzuten dut, eta horrekin koherentea da nik egiten dudana, nire gelan nagoenean ateratzen zaidana eramaten dut nire sorkuntzetara», esan zuen. Ezeren militante izateko egun «milaka era» daude bere ustetan, «ze Beyonce, adibidez, ez al da ezeren militantea? Bartzelonara joan nintzen kontzertu batera eta, agertokiaren gainean, denak ziren emakumezkoak eta beltzak. Hori ere bada militantzia, baina beste era batera ulertuta», aldarrikatu zuen.

Bilboko kontzertu batean gaztelerazko abestirik ez jotzeko eskatu ziotela ere kontatu zuen: «Ezetz esan nuen, noski. Hizkuntzek aberastu egiten gaituztela uste dut, hizkuntza guztiek dituzte beste hizkuntzetara itzuli ezin daitezkeen hitzak, eta horrek pertsonalki aberastu egiten gaituela uste dut», baieztatu zuen.

Izarori min egiten diona musika dendetan euskal taldeekiko ikusten duen gutxiespena da: «Euskaraz orain musika estilo pila egiten dira, baina ez dira horien arabera sailkatzen, ez dira jazz edo pop ataletan egoten, baizik eta ‘euskal musika’ atalean. Zergatik? Eta zer da ‘euskal musika’, euskarazkoa edota euskaldun batek sortua? Belako bai eta Doctor Deseo ez? Fnac edo Elkarrera joaten zara eta... zer ikusi dute Alos Quartet eta Berri Txarrakek? Bi unibertso ezberdin dira. Eta non sartuko dugu musika instrumentala? Nazioarteko sailkapenetan egon behar gara».

Ducauk, bere aldetik, ispiluaren beste aldea izan zuen hizpide: atzerrian euskarazko musikak duen harrera. «Kanpoan ez dago arazorik euskaraz abesteko. Aurkeztu behar dituzu zure burua eta taldea ingelesez, gazteleraz, italieraz... baina gero kantuak bata bestearen atzetik doaz eta jendeak onartu egiten du, zure musika da, eta zure hizkuntza».

Sortzaile prekarioak

Ofizioari begira, egun musikari profesional izatea, musikatik soilik bizitzea, oso gutxiren esku dagoela ere uste dute. Sortzaileak ezin direla sortzetik bakarrik bizi. «Ordu asko eman ditugu honetan, gure musika tresnetan trebatzen, ikasten... medikuek bezala. Urteak eta urteak dira praktikatzen eta, urtebete uzten baduzu, berriz hasi behar zara, baina horri ez zaio balioa ematen», nabarmendu zuen Ducauk.

Egun bera hasi zenean baino musika talde gehiago daudela eta horrek «ospe eta diru gutxiago egitea» dakarrela ere esan zuen Ducauk, eta, bide horretatik, Izarok nabarmendu zuen musikari profesional izatea ia ezinezkoa dela. «Agertoki onenetan jotzen arituta ere, zenbaki gorrietan gaude. Nik autogestioaren aldeko apustua egin nuen eta gauza pila bat ikasi behar izan ditut, baina lan hori ez da ikusten. Jendeak uste dut musikari izatea ez dela lana, agertokian ordubete jo besterik ez dugula egiten. Ez daukagu langile eskubiderik, ez jubilaziorik, gure egoera oso prekarioa da zentzu horretan», esan zuen.

Iritzi berekoa da Ducau. Musika terapia eta musikari lanak tartekatu ditu 24 urtez. Ibilbide luzea izan arren atzean, «ez naiz musikari profesional izan. Lantxo hori gabe, ez dakit zer egingo nukeen».

Topera ez, gainezka

Ezin kabituta. Horrela ibili ziren atzo Berri Txarraken kontzertu akustikoa entzuteko asmoz Ahotseneara bildu ziren zaletuak. Goiztiarrenek soilik izan zuten agertokiaren abarora heldu eta saioa bertatik bertara ikusteko aukera. Gainerakoek ikusi ez, baina kanpoaldean pilatu eta entzuteko aukera behinik behin izan zuten. Eta pilaketa batetik bestera, behin kontzertua amaituta Berri Txarrakek Landako Gunean duen standaren aurrean ere ilara luzea osatu baitzuten. Pasilloko joan-etorriak oztopatzeraino. Patxadatsu, sinaduraz sinadura zaletuei gozatua ematen asmatu zuten taldekideek. Juanan RUIZ | ARP

Barrutik kanpora eta kanpotik barrura

Liburuen eta diskoen azoka izatetik haratago aspaldi iritsi zen Durangoko Azoka. Landako Gunetik atera eta herri osora hedatzen da euskal kulturaren jaia eta, atzokoan, festa-giroa barrutik kanpora bezainbeste bildu zen kanpotik barrura ere. Buruhandi eta dultzaineroek bilatu zuten lekurik Landakoko bisitarien artean. Juanan RUIZ | ARP