2018 URT. 08 Emakumezkoak Izkuek iraupen proban erabaki du Ariztegiren aurkako norgehiagoka J.L. Irune Izkuek aurreikuspenak bete zituen, berak irabazi baitzuen Urrezko Aizkorako Buruz Buruko lehen jardunaldiko saioa, atzo Deban Maika Ariztegi mendean hartuta. Hasteko, aizkolari bakoitzak oin bateko enborra, 36 ontzakoa alegia, ebaki behar izan zuen, eta hor abiatu zen Izkue garaipeneranzko bidetik, berak bota baitzuen aurrena enbor hori. Lehia handia izan zuten, eta bien artean ez zen tarte handirik egon inongo unetan, baina Izkuek hiru kolpeko aldea atera zion Ariztegiri. Bere lana 2 minutu eta 3 segundoan amaitu, eta hiru segundo atera zizkion Ariztegiri. Ondoren, iraupen proba egin zuten; hor aizkolari bakoitzak bi 45 ontzako erdibitu behar zituen. Hor bai, Izkuek hasieratik hartu zuen abantaila, eta apurka-apurka alde hori handitzen joan zen. Minututik gorako aldearekin amaitu zuten. Lan hau bukatzeko, 6 minutu eta 44 segundo behar izan zituen Izkuek, eta 7 minutu eta 50 segundo, berriz, Ariztegik, lehen alde zeukan alde hori handituz. Bi lanetako denboretan ere aldea egin zuen, eta denak egiteko, 8 minutu eta 47 segundo behar izan zituen Izkuek, eta Ariztegik, berriz, 9 minutu eta 56 segundo behar izan zituen bereak bukatu ahal izateko.