GARA
BILBO

«Dublindarrak» Arriagako oholtzara igoko da Ados Teatroa-ren eskutik

James Joyceren literatur lan klasikoa ardatz duen «Dublindarrak» antzezlana estreinatuko du Ados Teatroa konpainiak hilaren 26an Bilboko Arriaga antzokian. Garbi Losada eta Jose Antonio Vitoria arduratu dira obraren moldaketaz eta eszenografiaz. Asier Hormaza, Iñake Irastorza, Klara Mendizabal, Asier Sota, Naiara Arnedo, Aitor Beltran, Isidoro Fernandez eta Lierni Fresnedo dira antzezlana taularatuko duten zortzi antzezleak.

Literatura unibertsaleko kontakizun aipagarria izan arren, antzerkirako oso moldaketa gutxi izan ditu liburu horrek. «Gogoan dugu John Hustonek zinerako egin zuen bertsioa, adibidez, baina ez dago antzerki erreferentzia askorik. Orain, Garbi Losadaren zuzendaritzapean, Ados Teatroak erronka hartu du bere gain, agertokietan ibilbide garrantzitsua duten zortzi euskal antzezlerekin», nabarmendu dute Arriaga antzokiko arduradunek.

«Xumea bezain sakona den, bizitzaren iragankortasunari, gaztetako maitasun galduari eta nostalgiak eta engainuak usteldutako bizitzei buruzko kontakizun zirraragarria taula gainean ikusteko aukera bikaina da», gaineratu dute.

Moldaketa librea

“Dublindarrak” Joyceren lanaren moldaketa librea da. Ados Teatroko zuzendaria den Garbi Losada eta Jose Antonio Vitoria arduratu dira obra moldatu eta eszenografia diseinatzeaz.

Jatorrizko kontaketa Dublinen kokatzen da, 1904. urteko Errege egunean. Adin eta sexu desberdinetako maila ertain-altuko pertsonaia batzuk bi musika irakasleren urteroko afarira iristen dira. Giroa ezin hobea da. Gonbidatuen artean Gabriel (anfitrioien iloba) eta bere emaztea Gretta daude. Gabriel eta Gretta alde egiteko puntuan daudenean, abesti bat entzuten da eta emaztea tristuraz betetzen da, gazte garaiko maitasun galdu bat gogora datorkiolako.

James Joyce (Dublin, 1882 - Zurich 1941) idazle irlandarra, mundu mailan ezaguna, XX. mendeko eragin handiko idazle bilakatu zen “Ulises” (“Ulysses”, 1922) maisulanarekin eta ondoren ere “Finnegans Wake” (1939) lan polemikoarekin.

“Dublindarrak” (“Dubliners”, 1914) istorio sorta ere aintzat hartua izan da, eta baita “Artistaren gaztetako portreta” (“A Portrait of the Artist as a Young Man”, 1916) eleberri autobiografikoa ere.

Joyce modernismo anglo-saxoia izeneko abangoardiako literatur korrontearen ordezkari nagusietako bat izan da, T. S. Eliot, Virginia Woolf, Ezra Pound edo Wallace Stevens-ekin batera. Nahiz eta helduaroaren zati nagusiena Irlandatik kanpo eman, idazle honen unibertso literarioa bere jaioterrian, Dublinen, sustraituta dago eta hiri honetan kokatzen ditu bere lanetako eszenatokiak, pertsonaiak eta kontakizunak. «Helburua nire herrialdeko historiaren moraltasunaren atal bat idaztea zen eta horretarako Dublin aukeratu nuen, paralisiaren zentroa iruditzen zitzaidalako», adierazi zuen bere garaian “Dubliners” lanaren egileak.

Estreinaldia hilaren 26an, ostiralean, izango da Arriaga antzokian, arratsaldeko 20.00etan, aurretik, 24an eta 25ean, bi emanaldi eskainiko diren arren, goizez, 11.00etan.

Emanaldi bakoitza hasi baino ordu erdi lehenago, antzezlana mintzagai izango duen solasaldia eskainiko du Zenbat Gara elkarteko Xabier Monasteriok. Arriaga antzokiko foyerrean gauzatuko da eta 20 minutu iraungo du.

Aurreko bi egunetan, asteazkenean, urtarrilaren 24an, eta ostegunean, 25ean, bi funtzio eskainiko dira 11.00etan, ikasleei zuzendutakoak batez ere, baina ikus-entzule guztientzat irekiak.