2018 URT. 29 Harri-jasotzea Aimar Galarraga izan da Aguraingo saioko onena J.L. Aimar Galarraga izan zen harri-jasotzaileen Urrezko Txapelketako saioko onena, Iban Ugartemendiak ezin izan baitzuen bere jarduna amaitu, aurreneko harriarekin min hartu baitzuen. Bakoitzak 175 kiloko errektangularra, eta 150eko kubikoa erabili behar izan zituen, eta bakoitzarekin lan egiteko, bina minutuko txandak izan zituzten. Galarragak ez zuen lan txarra egin. Errektangularrari 8 jasoaldi eman zizkion, guztira 1.400 kilo bizkarreratuz. Ondoren, kubikoari 6 jasoaldi eman zizkion, guztira, 900 kilo bizkarreratzeko. Denera, Galarragak 14 jasoaldi lortu zituen, eta 2.300 kilo bizkarreratu zituen. Ugartemendiak errektangularrarekin bakarrik jardun ahal izan zuen, harri horrekin ari zela hartu baitzuen min. Errektangularrari 5 jasoaldi eman zizkion, guztira 875 kilo bizkarreratuz. Hor amaitu zuen bere saioa. Ondorioz, harri-jasotzaile guztiek egin dute lehen saioa, eta Illarramendi izango da denetan onena, 15 jasoaldi lortu baitzituen bere egunean, eta denera 2.465 kilo ditu bizkarreratuak. 14na jasoaldirekin daude Aranburu eta Galarraga, eta atzetik doaz Goenatxo III.a eta Ugartemendia. Herenegun arratsaldean Agurainen egin zen saioan, Julen Diaz arabarrak ere bazuen marka pertsonal bat egiteko asmoa eta gogoa, 200 kiloko harri errektangularra jaso nahi baitzuen. Hori lortuz gero, horrelako pisu bat jasotzen duen Arabako bosgarren harri-jasotzailea izango zen, baina ezin izan zuen bere asmoa bete. Diaz helburutik oso gertu ere ibili zen, baina bere jasoaldia ustela izan zen, eta helburua lortu gabe utzi behar izan zuen bere ahalegina. Horrelako marka batean lehen ahaleginean huts eginez gero, bigarrena egitea oso zaila izaten da, eta Diazek ez zuen egin. Orain, 200ekoak itxaron egin beharko du. Segur aski Julen Diazek luzaro baino lehen ere egingo du beste ahaleginen bat.