Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Izena baino, izana!

Gaztaina erreen artean emateko moduko egunak dira oraingoak. Jada ez daude beheko kortan etxeko goiari beroa emango dioten abereak, 0 Km-rik ez. Akabo halako aberastasun hura! Momentuz behintzat, geroa ez baitago idatzita! Orain kanpotik ekarri behar duzu beroa emango duen erregai hori, eta hauxe kolpea! soto bihurtutako kortan dago horren gordailua. Tira, gaztainena ez den harira! Inauteriak nonahi, oste- gun gizen eta guztiz. Mozorroak ere nonahi, horretarako ez baitu ardura urteko sasoiak. Txitxi-burruntzi hemendik sasi koipetsu handik. Tradizio batzuk mantendu behar diren seinale, alarderik gabe.

Eta hemendik kanpoko han hartan, non eta seguru ez dakidan Koreetako batean, zer eta Joko Olinpikoak, negukoak jakina! Auskalo joko politikorako aukera emango ote duten hasiera honetan olinpiko diren horiek; baina, hain dute batzuek maite esku artean duten botoi gorria! Erotikoa ematen du! Hara, hemengo plazara! Suminduen mugimenduak berriro ere plazak hartu! Poztekoa da plazak bere izateko arrazoia berriz ere topatu izana!

Suminduak bai, bestelako suminduak oraingoan. Horra hor pentsiodunak haserre bizian, kale bazterretik plazaren erdira pasatuta, mugimenduan, jendarte-eraikinak ezinbestekoa duen zutabe baten aldarria eginez; ekonomia ofizialak gustukoak dituen portzentaje gordinak zenbaki garbitan adieraziz.

Eta legebiltzarrean ponentzia, zaharberritua nonbait. Autoarena, ez Hiriko eta ez Epsilon, gobernuarena baino. Akabo mahai bueltan jesartzea orria zuriz eroanda. Oraingoan beltza jarri behar izan dute zuriaren gainean, hitzak esalditan ordenatuta gainera. Irakurgai. Ez eta bairako abiapuntua, behingoz.

Ez dezala izango den komunitate horren izenak izan behar duen izana ezkutatu. Nor eta Nork. Politika 4.0, mozorrorik gabe. 0 Km. Argi eta garbi!