Jon LEUNDA
Aizkora

Saralegi eta Vicente izan dira onenak

Bi lehengusuek merezita irabazi dute Urrezko Aizkorako Binakako txapela.

Iker Vicentek eta Ruben Saralegik irabazi zuten atzo Azpeitian jokatutako mutilen Binakako Urrezko Aizkorako finala. Jendeak ere erantzun bikaina eman zuen, sarrera ederra izan baitzen Izarraitz pilotalekuan, eta ikusitakoarekin ere oso gustura atera ziren zaleak.

Bi 45 ontzako zeinek azkarrago moztu neurtu ziren lehenengo, eta hor Vicente eta Saralegi izan ziren azkarrenak. Minutu eta 35 segundoan amaitu zuten, eta sei kendu zizkieten beste bi bikoteei. Ondoren, zutik jarritako 60 ontzakoa erdibitu behar izan zuten, eta hor ere bi lehengusuak izan ziren onenak, egin beharreko lanak 2 minutu eta 9 segundoan amaituz. 16 segundo kendu zizkieten Alberdiri eta Atutxari eta 31 segundo Mugertzari eta Otaegiri.

Jarraian etzanda jarritako 60 ontzakoa ebaki behar izan zuten, eta hor Otaegi eta Mugertza gailendu ziren. Lana 2 minutu eta 25 segundoan amaitu zuten. Bi segundo kendu zizkieten Atutxari eta Alberdiri, eta bost Vicenteri eta Saralegiri.

Azken-aurreko lanean, zutik jarritako 45 ontzakoa eta etzanda jarritako kana-erdikoa ebaki behar izan zituzten. Atutxa eta Alberdi izan ziren proba honetako azkarrenak, lana 2 minutu eta 38 segundoan amaituta. Zortzi segundo kendu zizkieten Saralegiri eta Vicenteri, eta hamabi Mugertzari eta Otaegiri.

Finala amaitzeko proba bakarra falta zen, eta hor aurretik ziren Vicente eta Saralegi. 11 segundoko tartea kentzen zieten Atutxari eta Alberdiri, eta 37 segundo, berriz, Otaegiri eta Mugertza II.ari.

Iraupen proba falta zen finala amaitzeko, eta hor bikote bakoitzak bi kana-erdiko eta sei 60 ontzako erdibitu behar zituen. Vicentek eta Saralegik sekulako joa erakutsi zuten, eta lehen alde zuten alde horri eutsi eta handitu egin zuten, merezitako txapela lortzeko. Azken lana egiteko, 15 minutu eta 45 segundo behar izan zituzten. Otaegik eta Mugertzak 16 minutu eta 38 segundo behar izan zituzten, eta Atutxak eta Alberdik 16 minutu eta 42 segundo behar izan zituzten euren lanak amaitzeko.

Proba guztiak egiteko 24 minutu eta 45 segundo pasa behar izan zituzten Saralegi eta Vicentek. Bigarren izan ziren Atutxa eta Alberdi, eta eurak lan guztiak 25 minutu eta 53 segundoan amaitu zituzten. Hirugarren Otaegi eta Mugertza izan ziren, euren egin beharrak 26 minutu eta 15 segundoan eginez.