Jon LEUNDA
Aizkora

Apusturako gogotsu daude Mindegia eta Luix Txapartegi

Bakoitzak zortzi kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharkoditu saioan zehar. Dirutan, berriz, alde bakoitzak 4.000 euro jarri ditu.

Patxi Mindegia eta Luix Txapartegi neurtuko dira bihar eguerdian, 12.00etan, Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan. Bakoitzak zortzi kana-erdiko, lau 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu. Egur txikiak, kana-erdikoak, alegia, Mindegiak plazaratu beharko ditu; eta handiak, 60 ontzakoak eta oinbikoak, berriz, Txapartegik. Alde bakoitzak 4.000 euro jokatzen ditu dirutan.

Bi aizkolariak ongi prestatuta agertzen dira, eta biak gogoz biharko neurketari heltzeko. Txapartegi izan zen desafioa bota zuena, baina ez zen zehazki biharko lana berak egin nahi zuena. Aizarnakoak Euskal Herriko Lehen Mailako finalean izaten den lan berdina egin nahi zuen. Lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta beste horrenbeste oinbiko moztu nahi zituen.

«Mindegiari oinbikoek min gehiago egin liezaioketela uste nuen, eta horregatik bota nuen desafioa. Beraiek apustua egitekotan, ordea, beste baldintza hau jarri zuten, eta baiezkoa eman nuen. Azken batean, gutxi gorabehera 19 kana-erdikoko lana izango da, eta uste dut badela probatzeko adinako lana», dio Txapartegik. «Bi oinbiko kendu ditugu, baina lau kana-erdiko sartu ditugu, eta ez dut uste gauzak gehiegi aldatzen direnik. 19 kana-erdi inguruko lana dugu aurrean, eta uste dut ez dagoela, gaizki», uste du, berriz, Mieltxo Mindegiak.

Oraingoz dirua nabarmen dago Mindegiaren alde, baina bietako inor ez du horrek kezkatzen. «Normala iruditzen zait dirua Mindegiaren alde egotea», argitu du Txapartegik. «Berak asko egin du gora aizkoran. Lan oso onak egin izan ditu azkenaldian, eta nik berriz ez. Hirugarren Mailaraino jaitsi nintzen, eta iaz jokatu nuen apustua ez zitzaidan ongi atera. Adinean ere koska bat kentzen diot, eta dena kontuan hartuta, normala deritzot jendeak bere alde jokatzea», erantsi du Aizarnakoak.

«Diruak ez du apusturik irabazten, eta dirua nire alde jokatu, edo kontra jokatu, nik lana berdin egin beharko dut eta asko eta ongi, gainera, Txapartegiri irabazi nahi baldin badiot», deritzo, berriz, Miel Mindegiaren semeak.

Bi aizkolariak hiruna apustu jokatuta datoz. Txapartegik aurrenekoa aizkoran eta segan jokatu zuen Lasaren aurka. Hura irabazi zuen. Orain dela urtebete, ordea, galdu egin zuen Zalduaren aurka jokatu zuena. Mieltxo Mindegiak aizkoran serio hasi aurretik jokatu zuen aurreneko apustua, eta bere osaba Hilario lagun zuela, irabazi egin zuen. Gero, orain dela bi urte jokatu zuen bigarrena, Eneko Otañoren aurka, eta hura galdu egin zuen.

«Egia esan, iazko apustua galdu nuenean arantza batekin geratu nintzen. Ongi prestatu ginen, baina apustura ez nintzen ongi iritsi, pasatuta heldu nintzela uste dut. Gero, aizkora ez dut izan erabat utzita, baina bai utzi samartuta eta horrekin Hirugarren Mailaraino jaitsi nintzen. Iaz Hirugarren Mailako txapela lortu nuenean, zerbait egin nezakeela uste nuen, eta iazko arantza hori ateratzeko bota nuen desafioa. Prestakuntza ere aldatu dut aurten, eta uste dut ongi iristen naizela apustura», dio Txapartegik.

«Apustuek duten guztia polita dela iruditzen zait, bai aurretik dutena, eta baita atzetik dutena ere. Beti ikasten da. Nik azkeneko apustua Eneko Otañoren aurka galdu nuen, baina uste dut biok oso neurketa ona egin genuela, eta hori ere garrantzitsua izan zen. Galdutakoan ere beti ikasten da», dio berriz, Mieltxok.

Mindegiak etxean beti aizkolaritza ezagutu arren, berandu hasi zen aizkoran. Hala ere, hor dago Euskal Herriko Lehen Mailari atea jotzen. «Euskal Herriko Lehen Mailara igotzea da nire helburua, eta hor nago ate ondoan, baina oraindik ez dut hori gurutzatu. Iazko Bigarren Mailako finalean segur aski nire egunik txarrenetakoa izan zen, baina horrek ere ikasteko balio izan zidan», dio zubietarrak.

Bi aizkolariek bina erakusle eramango dituzte, eta ez edozein, gainera. Mieltxo Mindegiak bere aita, Miel, eta Lorentzo Apezetxea eramango ditu. Luix Txapartegik, berriz, Joxemiel Peñagarikano eta Joxemari Esnaola izango ditu alboan. Ikusmina ere handia dago, eta Doneztebeko pilotalekuko harmailak bete egingo dira neurketa hau ikusteko.