Larreak eta Irazabalek lortu dute Urrezko Aizkorako lehen kanporaketa pasatzea
Bi bizkaitarrak ziren lehen eguneko bi faboritoak, eta bietako inork ez zuenizan aurrera egiteko arazorik. Suarez madrildarrak itxura ona eman zuen.
Aritz Irazabal eta Julen Larrea bizkaitarrak izan dira Buruz Buruko Urrezko Aizkorako lehen kanporaketa gainditu duten aurreneko aizkolariak. Biak ziren faboritoak, eta ez zuten hutsik egin. Hamabi aizkolari lehiatu ziren, eta aurreneko fasean hiruko lau multzo egin zituzten. Aizkolari bakoitzak 45 ontzako enborra eta kana-erdikoa ebaki behar izan zituen.
Aurreneko multzoan, Oregi, Emilio Garcia eta Suarez izan ziren lanean aritu zirenak. Suarez izan zen denetan onena. Berak, 4 minutu eta 54 segundoan burutu zituen lanak. Atzetik, Emilio Garcia sailkatu zen, eta berak 5 minutu eta segundo batean amaitu zuen jarduna, eta sailkapena Oregik itxi zuen, lana 5 minutu eta 37 segundoan amaituta.
B multzoan, Herrero, Irazabal eta Polanco neurtu ziren. Irazabal izan zen onena. Berak, 5 minutu eta 6 segundoan bukatu zuen saioa. Polanconk 5 minutu eta 31 segundo behar izan zituen, eta Herrerok 6 minutu eta 15 segundo.
C multzoan, Xabier Garcia, Lopez eta Nevado neurtu ziren. Garcia izan zen onena, bere saioa 6 minutu eta 30 segundoan amaituta. Bigarren, Lopez izan zen, lau segundora, eta Nevado hirugarren, minutu batera.
Azkenik, D multzoan, Larrea, Alvaro Garcia eta Lekue neurtu ziren. Larrea izan zen onena, lana 3 minutu eta 53 segundoan amaituta. Garciak 23 segundo gehiago behar izan zituen, eta Lekue minutu eta 6 segundora sailkatu zen.
Behin lehen fasea amaituta, finalak geratzen ziren jokatzeko. Horrela, A multzoko eta B multzoko bi irabazleak, Suarez eta Irazabal, neurtu ziren elkarren aurka. Bizkaitarra izan zen bietan onena. Hemen ere 45 ontzakoa eta kana-erdikoa ebaki behar izan zituzten. Irazabalek bere lanak 5 minutu eta 3 segundoan burutu zituen, eta madrildarrak, berriz, minutu eta 9 segundo gehiago behar izan zituen.
Beste finalean, C eta D multzoko bi onenak lehiatu ziren, Xabier Garcia eta Julen Larrea alegia. Hemen ere bakoitzak kana-erdiko enborra eta 45 ontzakoa ebaki behar izan zituen, eta Larrea III.a izan zen bietan azkarrena, bere eginbehar guztiak egiteko 5 minutu eta 26 segundo pasatuta. Xabier Garciak, berriz, 6 minutu eta 45 segundo behar izan zituen.
Marka saiakera
Arkaitz Jauregik marka saiakera bat egingo du apirilaren 2an, Zumarragako Antion, 17.30ean. Arabarrak kanako enborra ebakiko du, eta ondoren Izazpi mendiko gurutzetik joan-etorria egin beharko du. Bere helburua Elorriagak duen marka ontzea izango da.
Zumarragako aizkolariak marka hori 1995. urteko apirilaren 17an lortu zuen. Egun hartan, kanako enborra mozten 16 minutu eta 7 segundo behar izan zituen. Antiotik Izazpiko gurutzera 23 minutu eta 32 segundoan igo zen, eta handik behera, berriz, 13 minutu eta 59 segundoan jaitsi zen. Guztira, 56 minutu eta 38 segundo behar izan zituen egin beharreko lan guztiak egiten. Orain, Arkaitz Jauregik horixe izango du erreferentzia, eta haren marka ondu nahi du.