Buruz Burukoa Bilarrera eta Agurainera iritsiko da
Bakoitzean hamabi aizkolari jardungo dira eta lau sailkatuko dira.
Buruz Buruko Urrezko Aizkorako bi kanporaketa jokatuko dira asteburu honetan, eta denera 24 aizkolari arituko dira. Horietako batzuk, gainera, Espainiatik etorritakoak izango dira.
Gaurko saioa Aguraingo pilotalekuan jokatuko da, 19.00etan hasita. Bertan, Julen Aranberri gipuzkoarra, Iñaki Kintana, Eloi Kortxero eta Ramiro Llanos arabarrak, Iban Resano eta Eneko Saralegi nafarrak, Araban bizi den Anton Iacobuti errumaniarra, Borja Fernandez, Manuel Fraile eta Jaime Huertas segoviarrak, eta Daniel Lopez eta Esteban Muñiz asturiarrak lehiatuko dira.
Hirugarren kanporaketa berriz, bihar jokatuko da Bilarren, 12.30ean, Bodegas Viñas Laguardiaren eraikinean, eta hor ere beste hamabi aizkolari arituko dira norgehiagoka. Jokin Alkizalete, Xabier Dorronsoro, Unai Otaegi eta Aitor Urteaga gipuzkoarrak, Asier Pellejero eta Kañamares IV.a nafarrak, Julen Larrea eta Aritz Irazabal bizkaitarrak eta Jose Mari Benito, Juan Rodriguez, Daniel España eta Ruben España segoviarrak izango dira lanean arituko direnak.
Bi kanporaketetan lan bera egin beharko dute aizkolariek, eta jokatzeko era joan den asteko kanporaketako bera izango da. Aurrena hiruko lau multzo egingo dira eta batera lehiatuko dira multzo bakoitzean. Horrela, aizkolari bakoitzak 45 ontzakoa eta kana-erdikoa ebaki beharko ditu. Behin lehen fasea amaituta, multzo bakoitzeko irabazleak sailkatuko dira. Bigarren fasean A multzoko irabazleak B multzokoaren aurka aritu beharko du, eta C multzokoak, berriz, D multzokoaren aurka jardungo du. Hemen ere aizkolari bakoitzak etzaniko 45 ontzako enborra eta kana-erdikoa erdibitu beharko ditu.
Faboritoak
Lanak oso laburrak dira eta horrek ezusteak emateko atea zabaltzen du, deskuidu txiki bat nahikoa izaten baita segundo mordoa galtzeko, eta hemen hori garesti ordain daiteke. Dena dela, Aguraingo kanporaketetan, Resano, Saralegi, Kortxero eta Aranberri izan litezke irabazteko faboritoak, baldin eta elkarren aurka jokatzen ez badute. Hasiera batean, euren artean egon beharko luke sailkapenak, amaieran bi izango baitira, bi finalak irabazten dituzten aizkolariak, sailkatuko direnak. Bilarren, berriz, faborito zerrenda handia dago; akaso, guztien gainetik Jokin Alkizalete nabarmentzen da, baina edozer gerta daiteke.
Hor ere bi izango dira sailkatuko direnak, eta borroka handia, oso handia, izango da txartela eskuratzeko garaian.