Faboritoek ez dute Buruz Burukoan hutsik egiten
Resano, Fraile, Alkizalete eta Kañamares sailkatu dira Urrezko Aizkoran.
Iban Resano, Manu Fraile, Jokin Alkizalete eta Oier Kañamares izan dira Buruz Buruko Urrezko Aizkoran aurrera egin duten lau aizkolariak. Agurainen eta Bilarren izan dira neurketak. Saio bakoitzean hamabi aizkolari lehiatu ziren, hiruko lau multzo eginda. Bakoitzak lehen fasean 45 ontzako enborra eta kana-erdikoa ebaki behar izan zituen. Lehen multzoan, Iban Resano izan zen onena, lanak 3 minutu eta 33 segundoan amaituta. Segundo bateko tartea kendu zion Kortxerori, eta 5 minutu eta 11 segundo behar izan zituen Daniel Lopezek.
Bigarren multzoan, Eneko Saralegi izan zen onena, 3 minutu eta 41 segundoan amaituta. Fernandez sailkatu zen zortzi segundora eta Muñiz minutu eta 59 segundora. Hirugarren multzoan, Manuel Fraile izan zen onena, 4 minutu eta 20 segundoan burututa. 11 segundora Aranberri sailkatu zen, eta Kintana hirugarren, 28 segundora.
Laugarren multzoan, Jaime Huertas izan zen azkarrena, lanak 4 minutu eta 48 segundoan burututa. 40 segundora sailkatu zen Iacobuti eta minutu eta 11 segundora Llanos. Finaletan, bakoitzak kana-erdikoa eta 45 ontzakoa moztu behar izan zituen. Resanok segundo batez menderatu zuen Saralegi, lana 4 minutu eta 31 segundoan amaituta. Bestean, Frailek irabazi zuen, jarduna 5 minutu eta 59 segundoan amaituta. 26 segundo kendu zizkion Huertasi.
Bilarren, Benito izan zen onena lehen multzoan, saioa 4 minutu eta 35 segundoan amaituta. Hiru segundora Polanco sailkatu zen, eta 18 segundora Irazabal. Bigarren multzoan, Alkizaletek 3 minutu eta 59 segundoan amaitu zuen jarduna. 33 segundora Ruben España sailkatu zen, eta 39ra Dorronsoro. Hirugarren multzoan, Kañamares IV.ak 3 minutu eta 40 segundoan burutu zituen lanak. Segundo batera Larreak, eta minutu eta segundo batera Urteagak. Laugarrengoan, Unai Otaegik 3 minutu eta 53 segundoan bukatu zuen jarduna. Minutu eta bi segundora Rodrigez I.ak, eta minutu eta 19 segundora Españak.
Finaletan, Alkizaletek irabazi zion Benitori. Lana 4 minutu eta 38 segundoan burutu zuen, eta 50 segundo kendu zizkion segoviarrari. Beste finalean, Kañamares IV.ak mendean hartu zuen Otaegi II.a. Nafarrak 4 minutu eta 17 segundoan amaitu zuen, eta 18 segundo gehiago behar izan zituen gipuzkoarrak.