Andoni ARABAOLAZA
BLOKEA

Bigarrenean ere,euskal ordezkariak bikain lehiatu dira

Joan den martxoaren 25ean, Salamancan, Fedme-k antolatutako Espainiako Blokeko Koparen bigarren hitzordua jokatu zen. Andoni Espartak irabazi zuen, eta Mikel Linazisoro hirugarren postuan sailkatu zen.

Aurreko batean aipatu genizuen Fedme-k antolatutako Espainiako Blokeko Kopa bikain hasi zela euskal ordezkarientzat. Bilbon bertan jokatutako lehen proban, Mikel Linazisorok irabazi egin zuen eta Itziar Zabalak bigarren postua eskuratu zuen.

Bada, bigarren hitzorduan ere Euskal Mendizale Federazioko taldeko lehiakideak ez ziren atzean geratu, eta berriro ere azpimarratzeko moduko emaitzak lortu zituzten. Zabalak, adibidez, finalean jardun zuen, baina, aurrekoan ez bezala, podiumetik kanpo geratu eta zazpigarrena izan zen. Mutilen mailan, berriz, Andoni Espartak garaipena lortu zuen, eta Linazisorok hirugarren postua sinatu zuen.

Joan den martxoaren 25ean Salamancan jokatutako bigarren probak (26 neska eta 41 mutil lehiatu ziren) denetarik utzi zuen. Lehenik eta behin aipatu behar dugu erregulartasunaren zirkuitu hau nagusien mailakoa bada ere, jubenilek parte hartzeko aukera dutela. Eta, harrigarria bada ere, bi jubenil (biak ala biak 16 urtekoak) nagusitu ziren: Rut Casas eta Esparta.

Aipatzeko moduko beste eite bat lehia hauetan ekipatzen diren blokeen izaera dugu. Duela urte batzuk, Munduko Kopa, Txapelketa eta sona handia duten hitzordu pribatuetan indarra eta erresistentzia ondo baino hobeto menderatzen zuenak aukera handiak zituen proba irabazteko. Egun, berriz, bolumenak, helduleku kamuts handiak… sartu zirenetik, aipatu dugun izaera hori erabat aldatu egin da. Hori bera Salamancako ekipatzaile Ramon Julianek azpimarratu zuen: «Lehia erabat aldatu da, eboluzionatu egin du. Egun, dena salto egitea eta oreka mantentzea da. Zirku ikusgarri bat bilakatu da. Ez du indartsuenak irabazten, ninja hoberenak baizik».

Eta hori guztia aipatu nahi izan dugu, Marco Jubesek eta Julianek finaletarako prestatu zituzten korapiloek emaitza oso ezberdinak utzi zituztelako. Izan ere, nesken mailan, adibidez, Casas katalanak balizko lau top-etatik soilik bi lortu zituen; bigarren sailkatutik zazpigarrenera bat, eta zortzigarrenak korapilo bat bera ere ez zuen askatu. Eta mutiletan, lehen hiru sailkatuek bloke bana sinatu zuten, eta gainerakoek bat bera ere ez.

Eta, aurreratu dugun bezala, korapilo tekniko horietan onenak bi jubenil izan ziren. Alabaina, sailkapen faseak bestelako itxura bat izan zuen. Proposatutako bloke asko egin ziren. Mutiletan, adibidez, Sergio Verdascok zortzi blokeak patrikara sartu zituen, eta beste finalistek seina. Esparta bigarrena izan zen, eta Linazisoro bosgarrena. EMFren taldeko beste ordezkari batzuk finaletik gertu ibili ziren: Isaac Estevez (10.), Bittor Esparta (11.) eta Eneko Carretero (14.). Nesken mailan, bestalde, Zabala bosgarrena izan zen.

Oso kamuts

Finalen txanda iritsi zenean, ekipatzaileek zein lehiakideek beste emaitza batzuk espero zituzten. Arestian aipatu dugun bezala, emaitza horiek oso kamutsak izan ziren; izan ere, oso-oso top gutxi egin ziren. Finalistek lau bloke askatu behar zituzten, eta, antza denez, eite teknikoan huts egin zuten. Ekipatzaileek hori zioten: «Izaera ezberdineko blokeak proposatu ditugu. Uste dugu den-denak askatzeko aukerak zeudela, baina lehiakideek ez dute asmatu. Bloke fisikoak zeuden, baita teknikoak ere. Zailak ziren, baina ez ezinezkoak; guk guztiak probatu ditugu. Kontua da, hain teknikoak izanik, ondo bisualizatu behar zirela».

Bilboko lehen proban bezala, bigarren honetan ere Casas katalana sasoikoena eta “argiena” izan zen. Bi bloke askatu ondoren, garaipena lortu zuen. Dimoztarrak ez zuen egun onena izan eta zazpigarren postuan sailkatu zen, bloke batekin.

Sailkapenek utzitako emaitzak aztertuta, bazirudien Verdascok aukera handiak izango zituela proba irabazteko. Batetik, oso sasoiko dagoelako, eta bestetik, izaera horietako blokeetan ondo baino hobeto moldatzen delako. Baina final “bitxia” izan zen. Finalisten jardunak ikusten ari ginen bitartean, geure buruari galdera bera egiten genion: bloke bat baino gehiago egiteko gai izango ote dira? Finaleko lau blokeak modu batera eta bestera askatzen saiatu ziren, eta azkenean lehen hiru sailkatuek soilik sinatu zuten bloke bana.

Emaitza hori harrigarria da, baina are gehiago lehen eta bigarren sailkatuaren arteko aldea: bonus batean soilik ekinaldi batekoa izan zen. Azkenean, Espartak irabazi zuen; 16 urteko bilbotarrak lehen garaipena zuen zirkuitu horretan. Jubenila bada ere, muturra nagusien mailan sartu du. Verdasco bigarren sailkatua izan zen, eta Linazisoro hirugarrena.

Hirugarren eta azken proba hilaren 28an Plasencian jokatuko da. Casas eta Linazisoro sailkapenaren buruan daude.