Tolosan jokatuko den apusturako dirua parean dago
Arria V.ak eta Iker Vicentek bihar eguerdian Tolosako zezen-plazan jokatuko duten apustuak ikusmin handia piztu du, eta ikusle kopuru handia bertaratuko dela aurreikusten da. Dirua jokatzen ere jende asko ari da, antza, mugimendu handia omen dago, eta badirudi oraingoz, behintzat, dirua pare samarrean dagoela.
«Mugimendu handia dago, baina une honetan ikusten da dirua parean dagoela. Ez dago baten edo bestearen aldeko joerarik. Lekurik gehienetan parean ikusten da. Berdin samar dabiltza, eta apustua hasten denean ere horrela izango delakoan nago», esan du Tomas Armendarizek, Tolosako Kantabriko tabernako nagusiak. «Vicenterengan itxaropen handiak daude, baina Arriak beti lan onak egin izan ditu apustuetan, eta jende askok du harengan ere konfiantza. Diru aldetik, gauzak parean daude», erantsi du.
Jende asko izango da Tolosan, eta kontuan hartu behar da ere, telebistaz ez dutela emango, ez zuzenean, ez eta diferituan ere. Ondorioz, sarreren eskaria handia da, eta erosteko egunean bertan erosi beharko dituzte zaleek.
Goizean 9.00etatik aurrera Tolosako Kantabriko tabernan salgai jarriko dira eta handik gutxira zabalduko dituzte zezen-plazako leihatilak ere. Sarrerak 40 euroren truke izango dira.