2018 API. 09 Aizkora Iker Vicentek lehen enborretik erakutsi du bere nagusitasuna Arria V.ak ere lan ona egin zuen, baina amaieran aizkolari nafarrak ia enbor bateko aldearekin lortu zuen garaipena. Azken eguneraketa: 2018 API. 09 - 06:31h Jon LEUNDA Iker Vicentek irabazi zuen Tolosako zezen-plazan Arria V.aren aurka jokatu zuen apustua. Amaieran enbor bateko aldea, hiru minutu pasatxoko tartea lortu zuen. Jendearen erantzuna ere bikaina izan zen, 2.300 ikusle inguru izan baitziren zezen-plazako harmailetan. Jokoa bera ere oso ona izan zen, bi aizkolariek oso lan ona egin baitzuten, nahiz eta agian zaleek amaierako emozio hori bota izan zuten faltan. Aizkolari bakoitzak hamabi kana-erdiko eta zortzi 60 ontzako erdibitu behar izan zituen. Enbor txikiak Arria V.ak plazaratu zituen, eta handiak, berriz, Iker Vicentek. Alde bakoitzak 6.000 euro jokatu zituen dirutan. Laguntzaile lanetan, aita, Arria II.a, eta Txapartegi aritu ziren Arriarekin, eta Daniel Vicente, aita, eta Eneko Saralegi, lehengusua, Iker Vicenterekin. Aizkolari bakoitzak berak eramandako enborrekin ekin zion lanari. Arriak kana-erdikoekin, eta Vicentek, berriz, 60 ontzakoekin. Enborrak ere oso ezberdinak ziren, izan ere, Arriarenak oso gogorrak baitziren, eta normalak, berriz, Vicenterenak. Otsagabikoa lehen egurretik hasi zen aurretik, kolperen bat lehenago erdibitu baitzuen, baina ikusita egurretan zegoen ezberdintasuna, eta biak ezberdin ari zirela, aurreneko erreferentzia garbia lan erdietan izango zen. Ordurako, eta egiten ari ziren denborak kontuan hartuta, nafarra aurretik zebilelako irudipena zegoen, eta lan erdietan hori baieztatu egin zen, lanaren erdiak amaitutakoan, ia bi minutuko tartea baitzegoen bi aizkolarien artean. Bigarren alde osoa geratzen zen, baina ordurako zaleek Vicentek irabaziko zuen errezeloa zuten, eta ez zuten hutsik egin. Bigarren itzuli honetan, gauzak berdin egin zituen Arriak, kana-erdikoetatik hasi baitzen, gero 60 ontzakoekin bukatzeko, baina nafarrak ez zituen berdin egin, hasi 60 ontzakoekin egin zen, baina bi ebaki, eta gero kana-erdikoetara pasa zen, 60 ontzakoak, falta zitzaizkionak, azkena ebakitzeko. Hala ere, gauzak ez ziren batere aldatu, eta Vicentek zuen abantailari eutsi eta apur bat handitu egin zuen amaieran, ia enbor bateko tartea egiteko. Lan bikaina egin zuen Otsagabikoak. 20 urte besterik ez ditu eta garbi dago gainerako edozeinek ere bera mendean hartu nahi baldin badu, lan asko egin beharko duela. Lehen apustua izan da, eta horren gaztea izanik, bazegoen zalantzaren bat edo beste, baina beterano bat bezalaxe jardun zen. Arriak ere lan ona egin zuen, baina amaieran berak onartu zuen bezalaxe, bera baino gehiago izan zen aurkaria eta hori onartu besterik ez zuen izan. Hala ere, amaieran zaleek txalo zaparrada handia eskaini zieten bi aizkolariei, lan ona egin baitzuten. Enborrez enbor, hauek izan ziren Vicenteren denborak: 1.48, 3.58, 6.19, 8.42, 11.10, 13.51, 16.53, 19.57, 22.57, 26.05, 30.49, 32.53, 34.48, 36.50, 41.11, 44.14, 47.24, 50.37, 53.44 eta 56.28. Arriarenak, berriz, honako hauek izan ziren: 1.48, 4.44, 7.28, 10.22, 13.25, 16.35, 19.24, 22.16, 25.09, 27.49, 29.02, 33.50, 38.18, 40.04, 43.49, 46.52, 50.22, 53.23, 56.27 eta 59.38. «Hiru hilabete oso gogor izan dira, lan asko egin behar izan dut, eta emandako amaiera handia izan da» «Nire lehen apustua izan da eta ikaragarri gustatu zait, baina oraingoz honekin gozatzen jarraitu nahi dut» IKER VICENTE Aizkolaria «Bera ni baino gehiago izan da, eta ez dago aitzakiarik. Geratu ere ez da egin, sekulako maila dauka» «Galtzea beti izaten da kolpea, eta hemendik hamabost bat egunera hasiko naiz zer egin pentsatzen» ARRIA V.a Aizkolaria