2018 API. 22 Aizkora Pikabea jaun eta jabe izan da Hernaniko apustuan Irabazleak aizkorako lanean hartu zuen aurre, eta korrikan ere kontrolpean izan zuen apustua. Amaieran sei minutuko aldea kendu zion Jon Arizmendiri. Jon LEUNDA Roxario Pikabeak aise irabazi zuen atzo Hernanin jokatu zen apustua, aizkorako lanetik hartu baitzion aurre Jon Arizmendiri. Bakoitzak lau 45 ontzako eta bi kana-erdiko moztu, eta ondoren 7 kilometro egin behar izan zituen korrikan. Bakoitzak 400 euro jokatzen zituen dirutan. 400 ikusle pasatxo bertaratu ziren saioa zuzenean ikusteko asmoarekin. Apustua hasi aurretik Arizmendi aizkoran gehiago izango ez ote zen susmoa zegoen, eta gero Pikabeak korrikan egin beharko zuela lan, baina azken hau lehen enborretik izan zen nagusi. Ederki ekin zion lanari, eta apurka-apurka aldea kentzen joan zen. Aizkorako lanak 24 minutu eta 6 segundoan burutu zituen Pikabeak, eta minutu bat eta 7 segundo kendu zizkion aurkariari. Arizmendik berak esana zuen aizkoran alderik ez bazuen ateratzen, ez zeukala zereginik, eta horrelaxe izan zen, korrikako lanean ere Pikabeak kontrolpean izan baitzuen apustua. Lan guztiak burutzeko, 57 minutu eta 51 segundo behar izan zituen Roxario Pikabeak, eta ordu bat, 3 minutu eta 58 segundo, berriz, Jon Arizmendik. Amaitutakoan pozez zoratzen zegoen Pikabea. «Egia esan, oso gustura nago. Etorri aurretik zalantza batzuekin nengoen. Ipurmasail inguruan tiradizo bat jarri zitzaidan, baina gero gaur oso ondo ibili naiz bai aizkoran eta bai korrikan», esan zuen Roxariok. «Hirugarren enborrean lehertu egin naiz. Ustez ez nengoen urduri, baina horrela egongo nintzen, edo beroak eragin dit akaso, baina ez dakit. Banekien aizkoran aldea ez banion ateratzen zereginik ez neukala, eta aizkoran ere berak hartu dit aurre», esan zuen, berriz, Jon Arizmendik saioaren bukaeran.