2018 API. 23 Aizkora Rodriguez II.a eta Mujika hurrengo kanporaketan izango dira J.L. Jexuxmari Mujika eta Juanillo Rodriguez izan dira Urrezko Aizkoran hurrengo fasera sailkatu diren aizkolariak. Sei aritu ziren, bi multzotan banatuta. Lehen fasean, bakoitzak erlojuz kontra 45 ontzakoa ebaki eta jarraian beste 45 ontzakoa eta kana-erdikoa ebaki behar izan zituen. Rodriguez izan zen azkarrena, lanak 3 minutu eta 47 segundoan amaituta. Kañamares IV.a 7 segundora sailkatu zen, eta Alkizalete, 26ra. Bigarren multzoan Mujika izan zen onena, lanak 3 minutu eta 48 segundoan burututa. 17 segundora Pellejero sailkatu zen, eta 42ra, Mugertza III.a. Bigarren fasean, multzo bakoitzeko lehenengoa besteko bigarrenaren aurka lehiatu zen. Hasteko, 45 ontzakoa zutik jarrita ebaki behar izan zuten, eta ondoren, etzanda jarritako 45 ontzakoa eta kana-erdikoa ebaki zituzten. Rodriguezek bere lanak 5 minutu eta 31 segundoan amaitu zituen, Pellejerori 35 segundo ateraz, eta Mujikak Kañamaresei irabazi zion, minutu bat ateraz.