2018 API. 28 Aizkora Maila nagusiko aizkolariak lehian sartzen hastera doaz Alberdi, Saralegi, Zaldua edo Larretxea bezalako aizkolariak ikusi ahal izango dira asteburuan. Jon LEUNDA Asteburu luzea dator aurretik, eta horrelaxe izango da Urrezko Aizkoran ere, ekinaldiz josita etorriko baitira datozen hiru egunak. Guztira lau kanporaketa jokatuko dira, eta horietako bi, 23 urtez azpikoena, eta 19 urtez azpikoena abian jarriko dira. Maila nagusiari dagokionez, bi saio izango dira, eta aurrenekoa bihar bertan jokatuko da Doneztebeko pilotalekuan, 12.00etan hasita. Donato Larretxea, Juanjo Lopez, Ruben Saralegi, Julen Kañamares, Joxean Etxeberria eta Jexuxmari Mujika izango dira aurrez aurre arituko diren sei aizkolariak. Mieltxo Mindegia ere bertan zen izatekoa, baina nafarra min hartuta dago, eta oraindik osatu ez denez, ezin izango da aritu. Kanporaketa honetatik aurreneko hiru sailkatuek lortuko dute aurrera egitea. Sei aizkolarietatik gehienak ingurukoak dira eta ikusmin handia piztu da. Maila nagusiko asteburuko bigarren kanporaketa asteartean jokatuko da Lazkaoko plazan izango den saioan, 13.00etan hasita, eta han lau aizkolari lehiatuko dira. Julen Alberdi, Xabier Zaldua, Arkaitz Jauregi eta Juanillo Rodriguez izango dira lanean jardungo duten kirolariak. Kanporaketa honetatik aurreneko biek lortuko dute hurrengoan egoteko txartela. Bihar Donezteben eta asteartean Lazkaon lan ezberdinak egin beharko dituzte. Gaur, Gasteizen izango dira kanporaketak, Armentiako belardietan, 12.30ean hasita. Bertan, 23 urte baino gutxiagoko dituztenen lehiaketa hasiko da, eta lau aizkolari arituko dira estreinako kanporaketa honetan. Joxean Etxeberria, Oier Kañamares, Ioritz Gisasola eta Julen Larrea lehiatuko dira. Joxean Etxeberriak, esaterako, aste honetan bi maila ezberdinetan lehiatu beharko du. Gaur bere adinekoekin arituko da, eta bihar maila nagusikoan. Baina asteburu honetan gaztetxoenak ere sartuko dira lehian, eta horiek asteartean hasiko dira Gasteizen, Estibalizen, 12.30ean. Unai Zabala, Xuban Kañamares eta Miguel Martin segoviarra lehiatuko dira. Lazkaon Urrezko Harri-Jasotze Txapelketako saioa ere izango da. Jokin Eizmendi eta Jon Gisasola arituko dira bikotea osatuz. Aurrena Eizmendik 163 kiloko zilindro zaharra erabiliko du hiru minutuan, ondoren Gisasolak 113ko kubikoa denbora berdinean, eta azkenik txanda librean 100eko bola lau minutuan. Berrikuntzarik gabe dator lur gainekoa Euskal Herriko Lur gaineko Txapelketa hastear da, maiatzaren 5ean jarriko baita abian Berriatuan, eta berrikuntzarik gabe dator, betiko taldeak izango batira hor arituko direnak, eta eskerrak, bestela ez baitzen jokatzerik izango. Gizonezkoenak izango dira, gainera, talde guztiak, nahiz eta talde horietako batzuetan neskaren bat edo beste ere egongo den. Mutriku, Gaztedi hiru talderekin, Goiherri birekin, Getxo eta Akelarre izango dira parte hartuko duten taldeak. Betiko moduan Gaztedi eta Goiherri izango dira faborito nagusiak maila guztietan. Hurrengo asteburuan hasi eta uztailaren 31n bukatzeko asmoa dago. Egun horretan mistoen finala jokatuko da eta horren lekua da falta denetako bat, eta baita ere uztailaren 14an jokatuko denarena ere. Beste guztiek badute jokatzeko lekua. Jokatuko diren saio guztietatik bakarra izango da Gipuzkoan, Deban izango dena, gainerako guztiak Bizkaian izango dira. J.L. MAILA NAGUSIAMaila nagusiko bi kanporaketa jokatuko dira. Aurrenekoa bihar izango da Doneztebeko pilotalekuan, eta bigarrena, berriz, asteartean Lazkaoko plazan. Biharkotik hiruk egingo dute aurrera, eta asteartekotik bik. GAZTEAKAizkolari gazteek beti izaten dute protagonismoa lehiaketa honetan, eta asteburuan jarriko dira abian 19 urtez eta 23 urtez azpikoenak, biak Gasteizen. Gaur Armentian, eta asteartean Estibalizen.