GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Betaurrekoen garaia


Kanbotik dator notizia, erakundea zenak utzi du bizia, desagertu egin da balizko hesia, oraindik geratzen da besteen amnesia… Pertsonak jaio eta hil egiten dira, edo hil egiten dituzte, asko bizipoza zer den ezagutu gabe hil ere. Erakundeetan, berriz, denetarik dago, batzuk hilda jaiotzen direla. Beste batzuk, ostera, sortu eta denbora luzeegia pasatuta, urtu egiten dira, sortu ziren lur berean urtu ere. Desegin. Udaberria urtzaroa, Pirinioetako bazter honetan ere. Afrikan, garai batean, udaberrian sortzen ziren iraultza izenekoak, normalean ezer gutxi irauten zuten haiek. Hortaz, iraultzen kasuan, klimaren aldaketan bezalaxe, denbora luzea pasa eta atzera begiratzean konturatzen gara orduan izandako kale-protesta haiek benetan iraultzaren abiapuntua izan ote ziren ala unean uneko beroaldia.

Tira, harira! «Ziklo» berba da egunotan albiste. Eta ez, prezisamente, palestinarrentzat bizi-girorik ez duen hiri nahasi horretan hasi berri den Giroko ziklistez ari direla, ez, eta ez Kantauriko antxoen biomasa-zikloaz ari direla ere, Kanbokoaren haritiko giroaz baino. Nonbait, ziklo bat amaitua da. Berdin ikusi ez arren Kanboko jauregian eta Bertizeko jaurerrian. Gauza jakina baita errealitatea bera baino inportanteago direla berari begiratzeko hautatzen ditugun betaurrekoak.

Total, ziklo bat amaitu. Baina soziopolitikan zikloak ez dira hezkuntzan bezalakoak, non zikloak elkarren segidan datozen, modu arautu batean; errebalidak eta guzti. Soziopolitikan ziklo baten amaierak ez dakar, halabeharrez, beste berri baten hasiera; askotan ez aurrera ez atzera egiten duen esparru zer batean geratzen garela luze, luzeegi. Hortaz, 68ko maiatz harena gogoan: «irudimena agintari». Edo GAUR8ko hizkeran: «Begiratzeko modua aldatzeak aldatu dezake mundua. Bizipoza bidaide!».