Jon LEUNDA
Aizkora

Lau faboritoek aurrera egin dute 

Joseba Otaegi, Donato Larretxea, Eneko Otaño eta Mikel Larrañaga izan diraasteburuko lau onenak, eta Urrezko lehiaketako hurrengo saioan izango dira.

Eneko Otañok, Mikel Larrañagak, Donato Larretxeak eta Joseba Otaegik egin dute aurrera asteburu honetan jokatu diren bi kanporaketetan.

Bi saioetan lan bera egin behar izan dute aizkolariek. Lehen fasean, hasteko zeinek kolpe gutxiagotan 45 ontzakoa moztu lehiatu ziren. Ondoren, tamaina bereko enborra erlojuz kontra erdibitu behar izan zuten, eta azkenik, 60 ontzakoa zeinek azkarrago moztu lehiatu ziren.

Lehen fasean bi multzotan banatuta jardun ziren, eta bigarrengoan gurutzatu egin ziren. Bigarren horretan zutik jarritako 45 ontzakoa erdibitu behar izan zuten, eta ondoren, kana-erdikoa eta bi 60 ontzako, enbor guztiak etzanda jarrita.

Lehen fasean, Getarian, aurrena Kañamares eta Zaldua lehiatu ziren. Nafarra izan zen nagusi, bi lanak 4 minutu eta 6 segundoan burutu eta aurkariari 49 segundo ateraz. Ondorengoan, berriz, Otaegik aise menderatu zuen Larretxea, 57 segundoko aldea ateraz; 3.19 izan zen zizurkildarraren denbora.

Bigarren fasean, Donato Larretxeak Kañamares bazterrean utzi zuen. Lanak 7 minutu eta 59 segundoan amaitu zituen, eta 59 segundo atera zizkion. Beste finalean, berriz, Otaegik ez zuen izan arazorik izan Zaldua kanporatzeko. Zizurkilgoak 8 minutu eta 8 segundoan amaitu zituen lanak, eta 2 minutu eta 17 segundo atera zizkion.

Atzo Urrestillan jokatu zen kanporaketan, lehen fasean, Eneko Otañok irabazi egin zion Arkaitz Jauregiri. Beizamakoak, 2 minutu eta 7 segundoan burutu zituen lanak, eta Ilarduiakoak, berriz, 38 segundo gehiago behar izan zituen. Larrañagak, berriz, aise utzi zuen bazterrean Mujika. Bere lanak 2 minutu eta 39 segundoan amaitu zituen, eta 48 segundo gehiago behar izan zituen Ibarrakoak.

Bigarren fasean, berriz, Eneko Otañok Mujika kanporatzea lortu zuen. Lanak hamar minutuan burutu zituen, eta zortzi segundo atera zizkion Mujikari. Larrañagak, aldiz, Arkaitz Jauregiri irabazi zion. Azpeitiarrak bereak 11 minutu eta 20 segundoan amaitu zituen, eta 2 minutu eta 40 segundo atera zizkion Jauregiri.

Harri-jasotzea

Binakako Urrezko harri-jasotzean hiru izan dira asteburuan lanean aritu diren bikoteak, eta denetan lan bera egin behar izan dute. Lehenik, bikote bakoitzeko batek 163 kiloko zilindro zaharra hiru minutuan erabili behar izan zuen. Ondoren, beste kideak 113ko kubikoa denbora berean, eta azkenik, 100eko bola txanda librean, lau minutuan.

Izeta IV.ak eta Inhar Urruzunok 9.301 kilo bizkarreratu zituzten. Aimar Galarragak eta Xabier Aranburuk, 8.125 kilo. Ugartemendiak eta Urrutiak, berriz, 6.763 kilo bizkarreratu zituzten.