Jon LEUNDA
Aizkora

Urrezko aurreneko finalistak ezagutzera emango dira

Goizean Berrizen eta arratsaldean Leitzan izango dira norgehiagokak.

Buruz Buruko Urrezko Aizkora bere unerik onenean sartzera doa, gaur bertan argituko baita zeintzuk diren finalean izango diren hiru aizkolarietatik bi.

Goizean Berrizen, Olakueta plazan, jokatuko da finalerdietako bat 12.30ean hasita, eta bertan izango dira Joseba Otaegi, Iker Vicente, Eneko Otaño eta Ugaitz Mugertza. Aizkolari bakoitzak bost lan ezberdin egin beharko ditu, eta aurrena geratzen denak zuzenean lortuko du finalerako txartela. Bigarrenak, berriz, datorren asteburuan Galdakaon beste kanporaketa bat jokatu beharko du, eta hirugarrenak etxerako bidea hartu beharko du.

Arratsaldean, 19.00etan, Leitzako Amazabal pilotalekuan izango da norgehiagoka, eta han beste lau aizkolari izango dira. Mikel Larrañaga, Aitzol Atutxa, Jon Rekondo eta Donato Larretxea. Hauek ere, goizean bezalaxe, bost lan ezberdin egin beharko dituzte, eta lehenengoak lortuko du finalerako txartela, bigarrenak beste kanporaketa bat jokatu beharko du, eta hirugarrena kanporatu egingo da.

Bi kanporaketetan arituko diren aizkolariak kontuan hartuta, denentzat Iker Vicente eta Aitzol Atutxa izango dira irabazteko faborito nagusiak. Askorentzat txapela ere euren artean egongo da, baina aurrena biek finalean izateko urrats hori egin beharko dute.

Harri-jasotzea

Urrezko Harri-jasotzen, bi saio izango dira gaur. Goizean, Berrizen, Izeta IV.a eta Inhar Urruzuno lehiatuko dira eta arratsaldean, Leitzan, berriz, Aimar Galarraga eta Xabier Aranburu. Bietan, aurrena, bikoteko kide batek 163ko zilindro zaharra altxatu beharko du, eta ondoren besteak 113ko kubikoa. Lan horretan, hiruna minutuko txandak izango dira, eta azkenik 100 kiloko bola txanda librean erabili beharko dute.