2018 MAI. 28 Aizkora Aitzol Atutxa ere Azpeitiko final handian izango da Egungo txapeldunak Ugaitz Mugertza menderatu du Galdakaon jokatutako azkeneko finalerdian. Jon LEUNDA Aitzol Atutxak eskuratu du Urrezko Aizkorako finalerako zegoen hirugarren eta azkeneko txartela, eta datorren igandean Azpeitiko finalean izango da Mikel Larrañagarekin eta Iker Vicenterekin batera. Aizkolari bakoitzak lan ezberdinak egin behar izan zituen, eta hasteko 45 ontzakoa zeinek azkarrago moztu lehiatu ziren. Atutxak 42 kolpetan erdibitu zuen, eta biren aldea kendu zion Mugertzari. Ondoren, tamaina bereko enborra erlojuz kontra ebaki behar izan zuten, eta bizkaitarrak minutu eta 5 segundoan bota zuen, beste zazpi segundoko aldea lortuz. Hirugarren lanean, 60 ontzakoa moztu behar izan zuten, eta hor sekulako aldea lortu zuen egungo txapeldunak. Lana minutu eta 56 segundoan amaitu zuen, eta Mugertzak 48 segundo gehiago behar izan zituen. Ondoren, zutik jarritako 45 ontzakoa ebaki zuten, eta hor ere aldea handitu zuen Atutxak, bere saioa bi minutu eta 45 segundoan amaitu eta mutrikuarrari 28 segundo kenduta. Azken-aurreko lanean, bakoitzak zutik jarritako 45 ontzakoa eta etzanda jarritako kana-erdikoa ebaki behar izan zuten, eta lan hori ere bizkaitarrak irabazi zuen. 3 minutu eta 19 segundoan amaitu zuen jarduna, eta 32 segundo kendu zizkion aurkariari. Azkenik, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituzten. Lanak 12 minutu eta 57 segundoan amaitu zituen Atutxak, eta 14 minutu eta 7 segundoan Mugertzak. Lan guztiak amaitzeko, 22 minutu eta 55 segundo behar izan zituen Atutxak, eta 26 minutu eta 12 segundo, berriz, Mugertzak. Harri-jasotzea Urrezko Harri-jasotzean, Jokin Eizmendik eta Jon Gisasolak ezin izan zuten finalerako txartelik lortu, eta, ondorioz, datorren igandean Illarramendi eta Lopetegi arituko dira Peñagarikanoren eta Albizuren aurka Azpeitiko final handian. Hiru minutuan Eizmendik 10 jasoaldi eman zizkion 163 kiloko zilindro zaharrari. Ondoren, Gisasolak 17 eman zizkion 113ko kubikoari. 100 kiloko bolari, aldiz, 56 eman zizkioten txanda librean lau minutuan. Guztira 83 jasoaldi eta 9.151 kilo bizkarreratu zituzten.