Gupidaren itsasoetan barrena
Iñaki Irazu egile beteranoa da; beteranoa ez, akaso, emari zein produkzio aldetik, baina bai, ostera, ibilbideari nahiz eskarmentuari dagokionez. Bere lehen poema-liburua da, izan ere, “Errukiaren saria” (Erein, 2018) deiturakoa. Lan oso eta mardul bezala, Irazuren opera prima da, ados, baina zuri denak ez dira irinak, ezta beltz denak ikatzak; arean ere, denbora luzean habitat oroz bestelakoa topatu dute Irazuren olerkiek: Jabier Muguruzaren bakarkako ibilbide musikalaren baitan, alegia.
Doinu-ehule irundarrak, hain zuzen ere, bere bilakabidearen hastapenetatik izan du Asteasukoa –eta bere poemen dirdira, funtsa zein gardentasuna– bidelagun. Balentria hori gutxi balitz bezala, Les Mecaniciens (1990-1993) taldearen hamaikatxo abestik dituzte bere eskuko berbak. Liburu honetan, halaber, musikaz jantzitako poema horietako franko daude, urteetan zehar ernetako beste hainbatekin batera. Hiru zatitan gorpuztutako obra da: “Errukiaren saria”, “Kaja Bakarra” eta “Zubiondoko gaztainatze”. Atal bakoitzeko, izate independenteko liburu bat dago. Liburuaren izenburu osoak –“Errukiaren saria eta beste kronika batzuk”– aurreratu legez, poeta-kazetariak idatzitako lana da: lekuko modura, batzuetan; oroimena eta historia ustiatuz, osterantzean. Lehen atala luzeena da: ez hain urruneko pasadizoak ditu hizpide, postaletan emanak. Giro malenkoniatsuak nahiz dramatikoak darabiltza (Gerra Zibila, Segurtasun Indarren tortura, politizazioa, militantzia, Erakundea, heriotza…). Orobat, iragana eta oraina uztartzen ditu, nostalgiaz blai.
Bigarren atala –laburrena– istorio bakarrekoa da; beste atalen gisara, honetan ere Irazuk poemak bata bestearekin erlazionatzea edo interkonektatzea erdiesten du, bai bikain lortu ere. Horrela, batasuna dario liburuari, kroniken arteko ainguratzea edo zubi-lana. Liburuan zehar, bizitzak bezainbesteko pisua du heriotzak; hori bai, ez da azaleko sasi-irakurketetan jausten: mugaraino doa, printzarik haragokoetara. Ezer galtzeko ez duenaren lasaitasunez ditu kontatzen hala bizitza, nola errekaren beste aldea.
Hirugarren eta azken atalak du, hain zuzen, musikaltasunik adierazgarriena –poema zaharrenak direla pentsa liteke–. Ez dut hainbeste estimatzen dudan mundu musikala gutxietsi gura, baina, egia esan, poemok bazuten liburu batean txertatuak eta paperez hornituak egoteko parada. Estiloari erreparatuz gero, kroniken narratibotasuna ageri da, baina lirikara ekarrita. Musika-kutsudun olerkiek ahozkotasunerako joera dute, elkarrizketa zuzendun pertsonaien ahotsetan. Hasieran, poemetan galtzeko arriskua duen obra dela deritzot, dagokion erritmoa aurkitu behar baitzaio. Jazz kanta leun batean bezalaxe, matizetan murgildu ahala, modu zinez atseginean irakurtzen dira testuok. Aitortu beharra dago, berebat, Irazuren estiloaren baitan, erritmo zein kadentzia jakin batera egokitu beharra dagoela, irakurketan aurrera egite aldera. Erritmoaz gain, lanaren tonua ere berezi samarra otu zait: sutila eta dezente tristea, baina musikari dagokion bizitasuna duena, era berean. Atal batetik ondorengorako haustura iragartzen duten olerkiak ere badira, zubi-lanera bideratuak, besteak beste, Muguruzak 2001ean musikara barreiatutako “Etxera berandu heltzean”.
Ortografia kontuetan, batez ere, apostrofoaren erabilera azpimarratu behar da. Esan bezala, ahozkotasuna darie testuei –errezitatzeko nahiz abesteko propio eginak balira legez–; tarteka, baina, muturrera darama ahozkotasun hori, forma arkaikoen medioz: «Ne’ lagunak» edo «T’ alako batean», berbarako. Oro har, idazlea bera bezalaxe, liburu heldua da hau, kutsu beteranokoa, testu landuz josia eta, literaturak gehientsuenetan egin ohi duen bezala, irakasgaiak eskaintzen dituena: inoiz da berandu(egi) ur arrotz baina berrietan murgiltzeko.