Patxi GAZTELUMENDI
BILBO

Tabernaz taberna, 50 urteotako istorioak bizi eta kantatzen

Hiru taberna eta gune, hiru belaunaldi eta hamaika gertaera, istorio eta borroka. Txabi Etxebarrieta Memoria Elkarteak, Ipes eta Iratzar fundazioak antolatuta, garai ezberdinetako kultura eta kulturgileak, istorio eta bizipenak, batu ziren Bilborock areto betean.

Txabi Etxebarrietaren heriotzaren urteurrenaren karietara hiru belaunaldi ezberdin batu ziren Bilbon. Garai bakoitzeko taberna eta giroa irudikatuta, Xabier Amurizak eta Tasio Erkiziak txikito bana hartzen zutela jardun zuten Cantabricon, Txerra Bolinaga (RIP), Garbiñe Ubeda eta Josi Jimenez (Doctor Deseo) Uholde taskan elkartu ziren, eta gazteenak –Maialen Akizu, Kattalin Miner eta Josu Bergara– te baten bueltan Infussion gunean aritu ziren kalakan. Galder Perez eta Ane Zabala aktoreek egin zuten tabernari lana, eta belaunaldiz belaunaldi, hiru tabernetako giroa piztu zuten garai bakoitzeko anekdota, pasarte, gertaera eta istorioen artean.

Koadrodun mantel baten gainean bi txikito atera zizkioten Cantabrico tabernan –gerora Iñakiren taberna ezaguna izango zena– Tasio Erkizia eta Xabier Amurizari. Txapela buruan, paperean sartu zen Tasio, eta Artekale kaleko atxiloketa historikoetako garaietan murgildu gintuen une batez. Areatzan egindako manifestazio saiakera eta Polizia Nazionalaren kargak. Alde zaharrean babestu zen Erkizia.

Ondoan adi-adi zuen Amuriza. Eta honek ere Gizaburuaga, Amoroto eta Lekeitioko orduko kontakizunak ekarri zituen. Abade sasoiko gertaerak, 60 eta 70eko hamarkadetako kontuak eta batez ere Txabi Etxebarrieta hil zuteneko mezak akorduan. ETAko lehen hildakoa gogoratzeko eta omentzeko aukera sortu zuten euskal apaizek. Guardia Zibilaren erasoak gertutik bizi izan genituen une batez Amurizaren ahotik. 68ko Parisko Maiatza baino, Etxebarrietaren heriotza eta «Burgosko auzia» gehiago eta biziago gogoratzen dituela adierazi zuen Amurizak. Tasio Erkiziak gau eskolen mugimendua nabarmendu gura izan zuen; eta 70eko hamarkada hasieran Santutxu auzoan 1.000 lagun inguru aldi berean ari zela euskalduntzen eta alfabetatzen kontatu zuen. Ondoko mahaian, 80ko hamarkadako rock eta punk eztanda gertutik bizi izan zutenek adi-adi jarraitu zuten Tasio Erkiziaren eta Xabier Amurizaren sermoia. Garbiñe Ubedak hala ere, punk eztanda gogoratu eta emakumeen zapalkuntza gogora ekarri zuen. Rocka gizonen gauza izan zen, eta aurreko belaunaldian Estitxuk edo Lurdes Iriondok kantuan ekin bazioten ere 80ko rockak ez zion mikrofonorik eskaini emakumeei.

Martxa eta Borroka ekarri zuten gogora tabernariek, eta martxa asko eta borroka ugari piztu zirela gogoratu zuten Rip eta Doctor Deseoko musikariek. Aurretik ezker abertzalearekin ezinikusi batzuk izan baziren ere, aurrerantzean giroa hobetu eta elkarlana sortu zela baieztatu zuten. Txerra Bolinagak eta Josi Jimenezek gay askapen mugimenduaren garrantzia eta askatasun gune berriak sortzeko aukera azpimarratu zuten. «Martxa eta borroka batera behar genituen guk, horrela bizi ginen», gogoratu zuen Garbiñe Ubedak irribarrea ahoan.

 

«Nostalgia patologikoa»

Infussion gunean zeuden Maialen Akizu bertsolaria, Kattalin Miner idazle eta militante feminista eta Josu Bergara kantaria. Tea hoztu zitzaien eta garagardo ekologikoak eskatu zizkioten tabernariei. “Egin” eta “Egunkaria” nola itxi zituzten ezagutu zuten belaunaldikoak, edota 2018ko Martxoaren 8an greba feminista gertu-gertutik bizi zuten adiskideak. Maialen Akizuri oso iluna iruditu zitzaion aurreko belaunaldiaren kontakizuna, eta oraindik «orduko kantuak abesten jarraitzen eta dantzatzen dugun arren, oso beltz ikusi dut mahai hori», aipatu zuen. Kattalin Minerrek oraingo belaunaldiak «nostalgia patologikoarekin bizi du historia» gaineratu zuen. Baina baikortasunerako printzak ere eskaini zituen. Josu Bergarak jendartea asko aldatu dela nabarmendu eta Internetek azken belaunaldia nola astindu duen gaineratu zuen. Euskal sortzaileek tresna berriak baliatu eta aukera profitatu behar dutela azpimarratu zuen, eta ondotik Kattalinek sare sozialetan bizi den «pornografia emozionala» ekarri zion gogora. P.G.