Alex URIARTE
poesía

Egunerokotasunaren esperimentazioa

Itzulpengintza eta ekoizpen literarioa mundu oroz desberdinak dira, usu eskutik doazen arren. Karlos Cid Abasolo itzultzailea da izenez, Kunderaren, Holuben nahiz Haseken literatur produkzioak moldatu zein itzuli dituena, hurrenez hurren; dena dela, sortzailea ere bada izatez, eta hazi horretatik erne da “Keinu konplizeak” deituradun lan hau.

Ertz ugari eta euren artean oso ezberdinak dituen lanaren aurrean nagoela sumatu dut obra bukatu bezain fite; izan ere, hain egoki zein zehatz hautatua dagoen berba, atmosfera, sentsazio nahiz esapide bakoitzaren atzean tematika anitzak daude ostenduta. Multikulturalismoaren aldeko apustua igartzen zaio; hori bai, kritika hartzen du defendatzen duena proposatzeko bide legez. Gaur egun horren modu azalekoan erakusten den hizkuntzaren nahiz kulturaren hibridazioa kritikatzen du, baina, era berberean, askotariko ingurugiroetara garamatza, ikuspegi zinez irekiaz: Pragara, Lisboara… betiere gure izaera eta euskaldun sena aurretik dituela.

Idazle gazte, amateur, arduratu eta ilusioz betea idoro dut olerki batzuetan: munduarekiko kezkak erakusten dituena, dena zalantzan jartzeko joeraduna. Horrekin batera, alabaina, bere testuak gidatuko dituen kontzeptuak aski argi dituen idazle beterano eta jakintsua ere kausi daiteke, hots, emozioak atontzeko gai dena eta bizitzari esperientziaren atalasetik so egiten diona.

Ironia zein metafora desberdinak darabiltza lan osoan zehar, hala kritikarako, nola bere kezkak azaltzeko; tartean, euskal literaturaren baitan dezente entzutetsua edo ezaguna den ereduren bat ere baliatzen du: “Eskuak ebakiko dizkidate,/ eta besoarekin defendituko dut Pretty Woman”. Kasu horretan, baina, kontua da Pretty Woman Gure Aitaren Etxean sarraraztea gauza sano gaitza dela. Halaber, egunerokotasunean arakatuz, gauza txikien balioa azpimarratzen du Cid Abasolok; hau da, egunean-eguneko kontutxoetako grina goraipatzen du, bizitzako xelebrekeriak laudatzeko. Azken batean, zoriontasuna nahiz bizipoza xelebrekeria horiexetan ezkutatzen da sarri.

Egunerokotasuna langai benetan erabilia izanagatik, surrealismorako joera nabarmena ere badago lan osoan barrena. Logikaren mugak gainditzen ditu egileak eta, ondorioz, irakurleari obran murgiltzeko lan gehigarria eskatzen dio. Lehenengo begiratuan, behintzat, olerkietako frankok beren artean inongo loturarik gabekoak dirudite, baina liburuan zehar aurrera egin ahala nahaspila hori guztia ordenatzen duten hari gidariak igar litezke. Egia da poemetako asko eta asko oso pertsonalak direla, baina, dena dela, modu koherente, ordenatu zein arrazionalean atonduak daudela ikus daiteke, egile hau —nolabait— hasiberria baina, berebat, eskarmentatua dela iragarriz.

Idazkera moldearekin jarraituz, lexikoaren alorrean esperimentazioa jaun eta jabe dela esango nuke, esaerak eta hitzak –pasarte baten baino gehiagotan– asmatu egiten dituelako. Azken horrekin, gainera, goian aipatutako esfortzu gehigarritxo hori exijitzen dio irakurleari, irakurtzearen jarduera beste muga batera eramateko eta literaturarekiko zaletasunaz harago, literaturarekiko benetako pasioa sustatzeko, alegia.

Ezin amaitu gizakiarekiko erakusten den posizioa aipatu barik. Subjektu poetikoa galtzaileen sailean kokatzen dela esango nuke. Beste berba batez, txikitasunerako perspektiba nabari da gizakiari dagokionez: txikiak gara eta, hain zuzen ere, txikitasun horretatik abiatuz, inongo harrokeriarik gabe, igaro behar genituzke suertatu zaizkigun egunak.